II. Informatika Astea antolatu du Urola Lanbide Heziketak

Uztarria.eus 2007ko mar. 19a, 10:03

Martxoaren 26tik 30era bitartean egingo dute, Azkoitian, Insausti Jauregian

Uztarria.com-eko esperientzia kontatuko du Josu Azpillagak, Informazio lokala eta Internet hitzaldian, 26an

Aurten bigarrengoz antolatu du Informatika Astea Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia B.H.I.-ko Informatika alorrak informatika munduko gaiak jendearengana hurbiltzeko asmoz. Antolatzaileen esanetan. "iazko esperientzia oso positiboa izan zen, jendearen aldetik oso harrera ona izan zuen eta jorratzeko interesgarriak liratekeen gaiak asko izanik aurtengoan beste gai batzuen inguruko hitzaldiak antolatu dira".

Martxoaren 26tik 30ra bitartean eingo dute Informatika Astea, Azkoitian, Insausti Jauregian. Lau hitzaldi eta sareko joko bat izango dira aurtengo ekitaldiak. Uztarria.com webguneak irekiko du astea: Informazio lokala eta Internet hitzaldian Josu Azpillagak uztarria.com-en historia izango du hizketagai. Josu Azpillaga Uztarria Kultur Koordinakundeko kidea da, eta Uztarria.com webgunearen arduradun teknikoa.

Hauxe Informatika Asteko egitaraua:

-Martxoak 26, astelehena, 19:00tan Azkoitian, Insausti Jauregian

"Informazio lokala eta Internet".Uztarria.com-en "historia". Euskarazko webgune lokal on batzuk. Tagzania, panoramio... informazio geolokalizatua.

Hizlaria: Josu Azpillaga, Uztarria.com-eko arduradun teknikoa.

-Martxoak 27, asteartea, 19:00tan Azkoitiko Insausti Jauregian

"Software sozialaren erabilpena, informazioa jarraituz" Web 2.0 zenbait aplikazioren erabilpena ezagutu eta interneten esaten dena ezagutzeko eta jarraitzeko tresnak aurkeztea da helburua. Askotan informazioa gehiegizkoa izan daitekeela jakinda, hau bideratu eta kudeatzeko zenbait proposamen egingo direlarik.

Hizlaria: Gorka Julio Hurtado, Informatikan ingeniari teknikoa, Udako Euskal Unibertsitatea

-Martxoak 28, asteazkena, 19:00tan Azkoitiko Insausti Jauregian

"Software librea enpresetan eta erakundeetan. Zenbait esperientzia". Zer da Software Librea?. CodeSyntax-en apustua SLaren alde, zergatik, historia pixkat... Adibide errealak: OpenGroupware, TKnika, IMH OpenOffice-ra pasatzen ari da... Gogoeta aurrera begira: gero eta software gutxiago ordenadore pertsonaletan, dena sarean, hor beste gerra bat: eduki irekiak (Creative Commons, lizentziak...)

Hizlaria: Eneko Astigarraga, CodeSyntax -eko gerentea.

-Martxoak 29, osteguna, 19:00tan Azkoitiko Insausti Jauregian

"Segurtasun informatikoaren beharraz jabetuz" Arrisku, ahulezi eta babes neurrien arteko oreka zein den bilatuko dugu, behar baino gehiago arduratu gabe baina beharrezko ez diren arriskurik hartu gabe Interneten eroso eta seguru bizitzeko.

Hizlaria: Liher Elgezabal Otsoa de Txintxetru, Segurtasun alorreko Software ingeniaria, Udako Euskal Unibertsitatea

-Martxoak 30, ostirala, 18:00tan UROLA LANBIDE HEZIKETAN

"Jokoak Sarean: CALL OF DUTY txapelketa"

Parte hartu nahi duten 15 urtetik gorakoek izena eman behar dute ikastetxean bertan, egun berean 17:30ean. Taldeka saio desberdinak antolatuko dira eta irabazleek sariak izango dituzte.