Mikel Larrañagak irabazi du sanjoseetan Loiolako VI. Biatloia

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 19a, 10:03
Mikel Larrañaga helmugara iritsi zen unean.

.47 partaide izan zituen VI. San Jose Sari Nagusiak

Inguruko partaideak ez ezik kanpotik ere etorri da aurten ere jendea

(Urola Kostako Hitza)

Atzo hasi ziren Loiolako San Jose festak. Festak asteburu hau ez ezik datorrena ere harrapatuko dute. Atzokoan, kirolen txanda izan zen, biatloiaren txanda. Seigarrena izan da aurtengo biatloia eta 47 parte-hartzailek hartu dute parte. Txapelduna, berriz, Mikel Larrañaga azkoitiarra izan zen Eskualdekoek ez ezik beste hainbat eskualdetakoek ere izan ziren bertan. 47 horietatik bi izan ziren emakumezkoak. Eguraldi aproposa izan zuten, berorik ez baitzegoen.

Era guztietako parte-hartzaileak uztartu zituen probak, bai lehen biatloia zutenak eta baita biatloietan ibiltzeko zaletasuna dutenak ere. Hori, helmugan ere ikusi zen; batzuk amaitu zuten bitartean, besteek oraindik bizikletan jarraitzen zuten. Tartean izan zen proba bukatu zuela ohartu ez eta beste buelta bat egin zuenik ere.

Gaurkoan, San Jose bezpera, izango da kirolerako eta festarako aukerarik, egitarau zabala antolatu baitute. 12:00etan zezen txiki eta poniak ibiliko dira. 13:00etan, berriz, urteroko asto lasterketa izango da.

Herri kirol jaialdia

Jarraian, bazkaltzeko tarte bat utzi eta 17:30ean herri kirolak izango dira. Harri jasotzen, Goenatxo II.a eta Aimar Irigoien ariko dira lehian 225 kiloko errektangularra, 175 kiloko errektangularra esku bakarrarekin, 150 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola jasotzen. Aizkoran, berriz, Donato Larretxea eta Floren Nazabal izango dira norgehiagokan.

Egun guztian zehar Egurrola eta Berastegi arduratuko dira trikiti doinuak jartzeaz. Festan jarraitu nahi duenak, berriz, Izarraitz pilotalekuan Sanjoseetako Trikiti Jaialdia izango du.

Hurrengo astean bukatuko dira Loiolako festak, martxoaren 24an. Egun horretan, Inaxio Arregiren erronka izango da egunez eta gauean auzo afaria antolatu dute, 21:00etan hasita. Elustondo anai-arreben trikiti doinuek lagunduta egingo dute afaria.