Udalaren euskara normalizatzeko ordenantza baliogabetu egin dute epaileek

Uztarria.eus 2007ko mar. 19a, 10:03

Ordenantzak "euskara inposatu eta gaztelera baztertzen" duela uste du EAEko Auzitegi Nagusiak

Udalak helegitea aurkezteko asmoa azaldu du; EAJ, EA, PP eta PSE-EEk ordenantzaren alde bozkatu zuten

Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Azpeitiko Udalaren ordenantza bat, "euskara inposatu eta gaztelera baztertzen" duela uste duelako. Estatu Abokatuak, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren eskariz jarri zuen errekurtsoa eta epaiak arrazoia eman dio. Sententziaren arabera, ordenantzak "euskararen erabilera esklusiboa inposatzen" du eta "gaztelera erabiltzea libreki ezin da aukeratu".

2005eko abenduaren 1ean onartu zuten udalbatzarrean Azpeitiko udaletxean eta udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea helburu duen udal-ordenantza, EAJ, EA, PP eta PSE-EEko aldeko botoekin; Habeak ez zuen bozkatu, udal aretoa utzi zuelako aurretik.

Ordenantzak Osasunean, Justizian eta Poliziarekin, eta leku, kale eta plaza izenak euskaraz izatea ezartzen du. Udakeko langileei, herritarrei zuzentzean, euskaraz egiteko agintzen die.

Horren aurrean, sententziak dio eskumena Euskal Autonomia Erkidegoak duela eta ez Azpeitiko Udalak. Horrez gain, arauak Espainiako Konstituzioan jasotzen diren aginduak eta hainbat lege urratzen dituela.

"Euskara da herriko hizkuntza"

Azpeitian biztanleen %90ek euskara erabiltzen dutela-eta ordenantzak dio euskara dela "herriko hizkuntza". Horren harira, epaiak zera galdetzen du: "Zer gertatzen da gainerako bizilagunekin, gazteleraz mintzatu nahi duten horiekin, edota Espainiako beste zonalde batzuetatik bertaratzen direnekin?". Harantzago doa epaia: "Biztanlego guztia euskaraz mintzatuko balitz ere, horrek ez lioke Udalari gai hori arautzeko ahalmenik emango".

Udalak dio ordenantzak ez dituela eskubideak urratzen, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziaren aurka helegitea aurkezteko asmoa azaldu du.

Informazio gehiago Gara , Urola Kostako Hitza eta Berria egunkarietan edota ikusi ordenantza osoa erabili.com-en