Altuna y Uriaren kamioiei eraso egin diete AHTren kontrakoek

Uztarria.eus 2007ko mar. 15a, 17:03
Madalenako harrobia (Altuna y Uriaren kamioiak bertan direla) eta horma pintadekin (Argazkia: 'Urola Kostako Hitza')

Bart egin dituzte erasoak, Madalenan; AHT ez! Txikitzaileak pintadak egin dituzte eta gurpilak zulatu

Abiadura Handiko Trenaren obren egileetakoa da Azpeitiko enpresa

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako erasoa izan da bart (osteguna) Azpeitian, Madalena auzoan, harrobian, Altuna y Uria enpresaren dozena bat kamioien aurka egin dutelako ezazagun batzuek.

AHT ez! Txikitzaileak pintadak egin dituzte, Gaztesarea webguneak dioenez. Horretaz gain, gurpilak zulatu dituzte, tubo-eskapeak blokeatu, kableak moztu...

AHTren obren egileetako da Altuna y Uria Azpeitiko enpresa. Ertzaintzan salaketa jarri du.

Egileen komunikatua

"Ziurrenik lau haizetara ozen esango duzue terroristak izan direla, delinkuenteak, langile gixaixu batzuen bizimodua kolokan utzi duten bihotzgabeak, agian hala da, eta zer? Guk ez dugu zuen errekonozimendua nahi opositore zintzoak izan nahi; ez dugu gure burua demokrata zintzotzat; zure arrazoiak zilegiak dira baina... delako entzuteaz asperturik gaude.

AHTren lanak hasi zenituzten, gezur, inposaketa eta ezkutakerietan hasi ere. Betiko leloa: lanak hasiak daude, orain ez da garaia.... Uste zenuten lanok hasita gure jarrera apaldu egingo zela baita gure borrokarako grina, baina ez. Zuek lanak hasi dituzuen einean guk gero eta argiago ikusten dugu hauek eta proiektua gelditzeko bide bakarra dagoela: EKINTZA ZUZENA.

Ez du merezi arrazoi jakinetan galtzea: diruak bultzatutako proiektua dela, izugarrizko suntsiketa eragingo duela... Zuek badakizue guzti honetan zein erantzunkizun duzuen eta ardura horregaitik jo zaituztegu. Suntsiketa eta txikiziotik aberastea bilatzen duzue eta bide hortatik aurkituko duzuen gauza bakarra zuen suntsiketa izango da.

Gaurkoan Altuna Y Uria izan da bihar beste bat izango da eta honek ez du etenik edukiko txikizio oro gelditu eta gizarte kapitalista harrapakari honekin amaitu arte".