Misio taldea "gustura" larunbatean egin zuten Bidezko Merkataritza azokarekin

Uztarria.eus 2007ko mar. 15a, 13:03
Joan den larunbatean egin zuten Misio Taldekoek Bidezko Merkataritza azoka, herriko plazan.

Aurrera begira, beste hiru azoka egiteko asmoa azaldu dute.

Herrian Bidezko Merkataritzako denda jartzea "interesgarria" izango litzatekeela diote

Joan den larunbatean egin zen herriko plazan Bidezko Merkataritza azoka. Bigarren urtez jarri du Azpeitiko misio taldeak ekimena plazan eta azaldu dutenez, "oso gustura" daude azokak izan duen erantzunarekin. Parte hartzeari dagokionean gustura, baina, oraindik "sentsibilizazio handia falta" dela azaldu du Eli Aginagalde misio taldeko kideak. "Gisa honetako ekimenekin, produktuarekin bitartekariak murriztea lortzen da eta horrek, garapen bidean dauden herrietako langileen baldintzak hobetzen laguntzen du, esplotatuak izan ez daitezen." Horrez gain, ekimen hauek, garapen bidean dauden herrietako nekazari familiek, esaterako, beraiek produzitzen dutenetik bizi ahal izateko ilusioa ere pizten dutela azaldu du

"Gu, gure aldetik, urte honetarako planteamendu berri batekin gatoz. Aurten, joan den larunbatekoaz gain, beste hiru Bidezko Merkataritza azoka egiteko asmoa daukagu. Maiatzaren 12an izango litzateke bigarrena, Bidezko Merkataritza azokaren nazioarteko egunean. Hirugarren baten eguna ez dugu zehaztu baina gabonetan egin izan dugun azoka antolatuko dugu aurten ere" azaldu du Aginagaldek. Plaza "leku aproposa" dela dio misio taldeko kideak Bidezko Merkataritza azoka jartzeko. "Badirudi azoka gure lokalean jartzeak gazteak ez dituela erakartzen".

Elikagaiak izan dira, batez ere, bai aurreko urtean eta baita aurten ere, azokako protagonista. "Jendeak janaria erosten du gehienbat: Chile eta Nikaraguatik ekarritako kafea, Afrikatik ekarritako kakaoa, gailetak, eztia… Arropak eta bestelako gauzak gabonetako azokan jartzen ditugu gehienbat. Aurten produktu berriak ere ekarri ditugu: mermelada, karamelua…Eta, oraingo azokan asko saldu da, dieta makrobiotikoaren harira, arroz integrala, pasta eta horrelako produktuak" dio misio taldeko kideak.

Bi komisiotan banatzen da azokaren antolaketa Aginagaldek azaldu digunez: Caritas da bata eta Kitzin edo Bidezko Merkaritzarako dendek osatzen dute bestea. "Gipuzkoan Bidezko Merkataritza bi denda daude: Zarautzen eta Donostian. Zarauzko dendatik ekartzen dugu azokarako janaria eta Donostiakotik ekartzen ditugu kartel informatiboak etab".

Donostiako Elizbarrutiarekin eta bere baitako plataformekin elkarlanean egiten du lan Misio Taldeak. "Ez da lan handia azoka antolatzea. Lehentasunak markatzea da kontua. Guztiak gara boluntarioak baina guztion artean lana errazago egiten dugu" azaldu du Aginagaldek

Aurrera begira

Etorkizunari begirako asmoak edo ametsak ere badituzte misio taldekoek. "Jende askok galdetu izan digu Azpeitian Bidezko Merkataritzako denda bat jartzea lan handia al den. Guretzako ere oso interesgarria izango litzateke. Gu momentuz guztiak boluntarioak gara, baina baliteke, egunen batean, Udalaren laguntzaz etab. lanpostu bat eskainiz denda bat herrian bertan jartzea".