Antxietako bizikidetzan

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 14a, 11:03
Antxieta etxeko bizilagunetako baten logela, goizean goiz.

Atzegi elkarteak bultzatu du ekimena

Antxieta etxeko bost bizilagunei bi begiralek eta etxekoandre batek laguntzen diete eguneroko egitekoetan

Antxieta aretoa zegoen tokian, adimen urritasuna duten pertsonentzat etxebizitzak ipini dituzte. Lehen solairuan eguneko zentroa ireki nahi dute; bigarrenean Oscar, Inaxio Mari eta Angel bizi dira eta hirugarrenean, berriz, Mari Mar eta Gemma.

Mementoz bost lagun bizi dira, baina beste bi edo hiru etortzea da helburua. Atzegiko tutoretzadun etxebizitzak normalki etxebizitza mistoak badira ere, Azpeitikoan mutilak eta neskak solairu ezberdinetan bizi dira. Solairu bakoitzak bi logela, komuna, sukaldea, egongela eta jangela ditu.

Etxebizitza honetako bizilagunak bi begiraleren tutoritzapean daude uneoro eta etxeko lan nagusiak egiteaz beste langile bat arduratzen da. Honela, etxeko lanak egiten dituenak astelehenetik ostiralera egiten du lan eta astebururako janaria prestatuta uzten die. Bi begiraleek, aldiz, astegunetako txanda eta asteburuetakoa egiten dituzte txandaka.

Bost bizilagun hauek oso desberdinak dira beraien artean: badira adimen urritasuna dutenak, baina, baita drogek eragindako kalteak dituztenak ere. Egunero goizeko 09:00etarako Azkoitiko Gureak enpresara joaten dira 8 orduz lan egitera, bertan bazkaltzen dute eta arratsaldeko 17:30ean itzultzen dira etxera.

Etxebizitza hauen eta Atzegi elkartearen helburu nagusia, azken batean, pertsona hauek ahalik eta bizitza arruntena egitea eta ahal duten neurrian beraien buruaren jabe izatea da: ogia eta egunkaria erostea, gosaria bakarrik prestatzea...

Begiraleek adierazi dutenez urtarrilaren 20az geroztik, etxe honetan bizitzen jarri zirenetik, igarri dute beraien buruaren jabe direla. Gosaria, esaterako, hasieran begiraleek jartzen zieten, orain beraiek prestatzen dute.

Mari mar crespo. Antxietako bizilaguna

"Arropa erostea eta egunkaria irakurtzea gustatzen zaizkit"

Mari Mar Crespo (Eibar, 1964) Antxietako bizilaguna da eta zenbait azalpen eman ditu.

Nolakoa da zure egun bat?

Ni goizeko 07:30ean jaikitzen naiz, komunetik bira egin, jantzi eta gero gosaltzera joaten naiz jangelara. Gosaldu, ontziak garbigailuan jarri eta autobus geltokira abiatzen gara, lanera joateko autobusa hartzera. 09:00etan lanera sartzen gara eta, han bazkaldu ondoren, 17:00etan irteten dugu eta autobusa hartzen dugu berriz etxera itzultzeko. Arratsaldean, dutxatu, kalean zehar paseotxo bat eman eta afaltzera joaten gara. Afaldu, ontziak garbigailuan garbitu eta telebista ikusi ondoren, ohera joaten naiz.

Zein dira zure zaletasunak?

Arropa erostea asko gustatzen zait eta baita egunkaria irakurtzea eta beldurrezko filmak ikustea ere.

Zer egingo duzu udako oporretan?

Agian Benidormera (Valentzia, Herrialde Katalanak) joango naiz. Iaz izan nintzen eta asko gustatu zitzaidan han paseotxoak eman eta hoteleko festatan ibiltzea.3

Maria gemma diaz. Antxietako bizilaguna

"Nire mutilari gauza politak idaztea gustatzen zait batez ere"

Maria Gemma Diaz (Zestoa, 1961) Antxietako bizilaguna da eta gustura bizi da etxebizitza berrian.

Nolakoa da zure egun bat?

Ni egunero goizeko 07:32an jaikitzen naiz. Komunera joan eta aurpegia garbitu ondoren gosaria jarri eta Mari Marrek eta biok begiralearekin gosaltzen dugu. Ondoren, Mari Marrekin konpontzen naiz. Gero, ontzigarbigailua ipini eta autobusa hartzera joaten gara. Han beste lagun batzuekin elkartzen gara. Lana gustatzen zait, azkar pasatzen zait eguna. Gero, han bazkaltzen dugu eta 17:30ean etxera itzultzen gara. Txandaka dutxatu ondoren, paseotxo bat eman edota erosketak egiten ditugu. Afaldu eta gero, goiz joaten naiz ohera, astegunetan.

Zein dira zure zaletasunak?

Niri idaztea asko gustatzen zait, nire mutilari gauza politak idaztea gustatzen zait, batez ere.

Zer egingo duzu udako oporretan?

Udako oporretan anaiarekin Mallorcara joango naiz. Iaz Menorcan izan nintzen eta asko gustatu zitzaidan.