Autodeterminazio eskubidea aldarrikatu du LABek eskualdean

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 14a, 11:03
LABen autobus ibiltaria Azpeitiko plazan izan zen atzo, autodeterminazioaren aldeko kanpainan.

Autobus ibiltari baten bidez zabaldu dute mezua lantokietara

Herriko plazan autodeterminazioari buruzko bozketa sinbolikoa egin zuten

(Urola Kostako Hitza)

Langileok autodeterminazioa kanpaina eskualdera ekarri zuen atzo LAB sindikatuak. "Erabakitze eskubidea zertan datzan eta arlo soziolaboralean zertan eragin dezakeen" azaltzea da kanpaina honen helburu nagusia. Horretarako, herriz herri ibili ziren LABeko arduradunak, Azkoitian hasi eta Orioraino.

Autobus ibiltaria izan zen atzo eskualdeko herrietan kanpainaren berri ematen. Industriguaneetan eta lantokietan banatu zuten informazioa eta bi geldialdi berezi egin zituen sindikatuko autobusak. Orion eta Getarian, portuetan izan ziren sindikatuko ordezkariak arrantzaleen errealitate "lazgarria" salatu asmoz.

LAB Arrantzako arduradun Leo Belaustegiren esanetan, "arrantzaleok autodeterminazio eskean jardutea oso garrantzitsua da, azken urteotan Euskal Herriko portuak desagertzen ari baitira eta horren atzean arrazoi bat dago gure ustez: gure erabakiak beste batzuk hartzen dituztela. Betidanik gurea izan den sektorea galtzen ari da eta aurrera atera nahi badugu, guk egon behar dugu erabakitzen den gunean".

Azpeitian, LABek herriko plazara eraman zuen aldarrikapena. Bertan, autodeterminazioari buruzko bozketa sinbolikoa egin zuten langileek eta martxoaren 15ean Donostian egingo den manifestaziorako deialdia zabaldu zuten.

Patxi alzibar. LAB-eko eskualdeko arduraduna

"Langileak inplikatzea da kanpaina honen helburua"

Euskal Herriaren eta langileen burujabetza aldarrikatzeko eta prozesu politikoaren aldeko kontzientzia sustatzeko kanpainan lanean buru belarri dabil Patxi Alzibar (Itziar, 1956).

Zein da Langileok autodeterminazioa kanpainaren helburua?

Kanpaina honek erabakitzeko eskubidearen alde dagoen langileen gehiengoa prozesuari begira jarri nahi du, prozesuaren defentsan kokatuz. Langileak inplikatzea da helburua: langileek langileei mezua eta edukia transmititzea. Lantokiz lantoki ari gara lanean, delegatuen bitartez mezua zabaltzen. Horretarako, besteak beste, lantokietan banatzen ari den orrian hamar puntutan azaltzen da autodeterminazioaren muina, eta lan mundurako duen garrantzia.

Nola gauzatu duzue aldarrikapen hori?

Aukeratzeko eskubide hori bozketa sinboliko batekin irudikatu dugu.

Zer nolako erantzuna jaso duzue eskualdean?

Erantzun nahiko txukuna izan du ekimenak eskualdean. Delegatu askok hartu dute parte. Lantoki gehienetan sartu dugu dekalogoaren orria dagoeneko. Dena hobetu daiteke baina nahiko ondo atera da.