Emakume Langilearen Nazioarteko egunean kontzentrazioa

Uztarria.eus 2007ko mar. 9a, 17:03
Kontzentrazioa egin zuten atzo plazan, Emakume Langilearen Eguna zela eta.

"Benetako parekidetasunaren beharra" aldarrikatu zuten Bilgune Feministak eta Emakume Taldeak

Aralarrek aldarriz jositako arropak zintzilikatu zituen herrian zehar

Atzo, martxoak 8 Emakume Langilearen nazioarteko eguna, elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean hainbat herritarrek. Bilgune Feministak eta Azpeitiko Emakume Taldeak egin zuten elkarretaratzerako deia eta deialdiak oihartzuna izan zuen.

"Emakumeen eskubideen alde borrokatzera" anima zitezen dei egin zieten Bilgune Feministakoek plazan bildu zirenei. "Benetako parekidetasun baten alde lan egiteko beharra" azpimarratu zuten. "Itxura hutsean gelditzen diren neurrien bidez berdintasunaren garaian biziz garela irudikatu nahi digute, baina errealitatea oso bestelakoa da" azaldu zuten Bilgune Feministako ordezkariek. Bestalde, "parekidetasuneranzko lanean instituzioek egiten duten ekarpen urria" salatu zuten eta herriko administrazioari ere kritika egin zitzaion.

Bilgune Feministak eta Emakumeen taldeak elkarlanean aurrera daramaten aste feministaren baitan kokatzen da elkarretaratzea. Asteazkenean hasi ziren ekimenekin bi emakume taldeak. Betharramistetan bilduta Euskal Herriko emakumeen gutunaren aurkezpena egin zuten. Bilgune Feministakoek azaldutakoaren arabera, "jende anitza agertu zen. Jende berria, eta gustura gelditu ginen aurkezpen ekitaldiarekin".

Arropak zintzilik

Aralarrek ere Emakume Langilearen Nazioarteko eguna gogoan izan du eta hainbat aldarrikapen egin ditu herrian zehar. Loiolabiden dagoen Amatasunaren eskulturaren ondoan eta eguneko zentroaren atarian arropak jarri dituzte zintzilik hainbat aldarrikapenekin. "Emakumeen lan baldintzak ez dira gizonezkoenaren parera iritsi" salatu du Aralarrek. Bestalde, azaldu dutenez, "gaixo eta ezinduen kargua emakumea da eta eguneroko bizimodua emakumeak zuzentzen badu ere, inongo miresmenik ez da jasotzen instituzioetatik". Aldarrikapenen argazkiekin bilduma osatu dugu, ikusteko egin klik hemen