Leire Agirre: "Eskalatzea plazerra da, eta lehiaketa, obligazioa; gustuko dudana egin nahi dut orain"

Ekaitz Agirre (Berria) 2007ko mar. 9a, 10:03

Hogei urte daramatza harkaitz eta rokodromo artean eskuetako hatzak zarpailtzen.

Eskalatzen jarraituko du baina txapelketak alde batera utzita, oraingoz.

(Berria)

Naturala da Leire Agirre (Azpeitia, 1974). Naturaltasun osoz hitz egiten du, naturaltasunez jokatu. Modu horretara hartu du kazetaria Baiolegi baserrian, Azpeitian. Lasai eta zoriontsu bizi da bertan: "Nire munduan". Gurasoei laguntzen, ardiak eta behiak zaintzen, baratzean eta ganbaran entrenatzeko prestatuta daukan bulderrean. "Gustukoa dudana egiten ari naiz". Azken urteotan kirol eskaladako txapelketen sokak estu lotu du Leire Agirre, eta aldaketa egiteko unea dela erabaki du. "Beste motibazio batzuk ditut orain; beste osagai batzuk ditu Leireren munduak". Gertuko parajeek urrutikoak adina erakartzen dute. Thailandiatik etorri berria da, eta bidaiatzea du orain amets, motibazio. Eskalatzen jarraituko du, noski, eskaladak bizi baitu Leire Agirre. Baina, oraingoz, behintzat, goi mailako txapelketetatik urrun.

Zer moduz zaude? Zertan ari zara orain?

Oso ongi nago, Heidiren pare bizi naiz: ardiekin, behiekin, baratzarekin eta loreekin. Ganbaran bulder txiki bat ere badut; ezin naiz kexatu, beraz. Eskaladak orain arte garrantzi handia izan du nire bizitzan, eta mundu horretan oso sartuta egon naiz; orain, lasaiago hartu nahi dut.

Hogei urte daramatzazu eskalatzen, eta horietako asko goi mailako lehiaketari begira. Zergatik erabaki duzu etetea?

Ez da eten bat zentzu itxian. Txapelketa ofizialetara ez naizela joango erabaki dut, baina inguruan antolatzen dituzten herri txapelketetan parte hartzera gonbidatzen banaute... nola esan ezetz? Jacan izan naiz berriki bulderreko herri txapelketa batean parte hartzen, eta sari horixe ekarri nuen [Trofeo uzta oparoa seinalatu du hatzarekin]. Azken finean, eskaladari lotuta nago.

Gauzak lasaiago hartzeko gogoa duzula diozu. Hainbesterainoko estutasuna, nekea, pilatu al duzu azken urteotan?

Bizitzaren beraren bilakaera izan da. Beste gauza batzuek erakartzen eta motibatzen naute orain, eta lasaiago hartu nahi dut eskalada. Laster 33 urte beteko ditut, eta kontua ez da beti Munduko Kopa lehiatzeko prestatzea izango, ezta? Horretarako gogor entrenatu behar da, eta entrenatzeko motibazio hori falta dut. Lotura handia eskatzen duen katea da txapelketena.

Zerk motibatzen zaitu, bada, orain?

Mendiak, eskaladak, baserriak, bidaiatzeak. Gauza gehiegik, txapelketak behar bezala prestatzeko. Beste etapa bat bizitzen ari naiz; gehiago bidaiatzen, masajeen munduan sakontzen... Udazkenean, adibidez, Ama Dablanera joan nahi dut. Pentsa, bigarren pioleta eta kranpoiak ere baditut dagoeneko.

Txapelketek zer eman eta kendu dizute? Zer ikasi duzu haietatik?

Txapelketak une jakin bat dira, erronka zehatz bat. Horietarako entrenatu zara denbora luzean, horiek lehiatzeko prestatu zara. Esperientzia bat dira, jendea ezagutu eta haiekin lehiatzeko aukera eman didate, lekuak eta jendea ezagutzeko ere bai. Kendu, aldiz, denbora kendu didate. Askotan pentsatu izan dut, «hobe txapelketa hartara joan izan ez banintz». Baina, noski, lehiatu ondoren pentsatzen duzu hori, ez aurretik.

Hamar urtetik gora daramazu lehian? Bilakaera handia izan al dute txapelketek?

Asko aldatu dira eta aldaketa horiek bizi izan ditut. Dena dela, txapelketak lehiatzeko modua, eskalada, mugimenduen intentsitatea, lehia, erronka, lehengo berak dira orain ere; txapelketak antolatzeko modua aldatu da: serioagoak, profesionalagoak bihurtu dira.

Zein izan da zure ibilbideko unerik gozoena, eta gaziena?

Emaitza eta postu onenak lortu ditudanean, izan dira unerik gozoenak, orduan jasotzen baituzu benetako nahi eta desioaren emaitza eta fruitua. Munduko Bulder Kopan, 2000. eta 2001. urteetan, 4. sailkatu nintzenean egon nintzen sasoian; kirolari gisa unerik onenean. Harrian, berriz, Urriellu Haitzean Oinak Izarretan saiorako prestatu genuen eskaladaz oso oroitzapen onak ditut.

Espainiako Txapelketa irabazi zenuen 1995ean, Gasteizen. Zure lehen garaipen handia izen zen.

Bitxia da, ia entrenatu gabe irabazi nuelako. Lanean ari nintzen Lizarrako kanpinean: goizeko zortzietan hasi eta gaueko hamarretan bukatzen nuen; haur monitore nintzen. Baina hainbesteko motibazioa nuen txapelketetarako, eskalatzeko... Gaztea nintzen, pasioz bizi nuen eskalada.

Ordutik, ibilbide dotorea eta sari ugari dituzu. Zer balorazio egiten duzu urte horiez guztiez?

Titulu asko irabazi ditut, tartean Espainiako Txapelketa zazpi aldiz, baina garrantzitsuena ez dira zenbakiak. Roberetton, Munduko Bloke Txapelketako finalaurreko batean, lehen postua lortu nuen; egun hartan ni izan nintzen onena, bloke guztiak kateatzen bakarra. Horrek erabat gogobete ninduen, lortu izan ditudan garaipenek baino gehiago. Garrantzitsuena zure maila ematea da, emaitza eta zenbakietatik haratago zeure buruarekin gustura geratzea.

Zailtasuna eskalada sokarekin, bulderrak, blokeak... Zertan aritu zara gusturago?

Sokarekin 11. eta 12. postuak izan ditut onenak. Blokean emaitza hobeak lortu ditut, baina bietan eskalatu dut gustura. Zailtasunean, sokarekin disfrutatu egiten nuen; baina blokea iritsi zenean horretara bakarrik bideratu nuen eskalada. Herbertek eta biok [mutil-laguna zuen Herbert] bi edo hiru urte pasa genituen horretan bakarrik; soka alde batera uzten duzu, nahi gabe.

Lehiaketara buru-belarri bideratuta, ez al duzu uste harkaitzean nahi baino gutxiago eskalatu duzula?

Interesgarria da kontu hori, harkaitzean zailtasun handiagoko bideak eskalatu nitzakeela uste baitut, baina dena batera ezinezkoa da. Txapelketak prestatuta, ezinezkoa da harkaitzean dena ematea. Bueltak eman dizkiot kontu horri, baina ez naiz egindakoaz damutu, nire erabakia izan zen.

Eta orain nondik joko duzu?

Lagun batek dioen moduan "ver venir". Babesleak baditut -Kirolgi, Beal, Petzl...-, eta hortik bizi naizenez, erantzun beharra daukat oraindik ere: eskaladan segituko dut; baina motibatzen nauenari lehentasuna emanez. Ez dut obligaziorik nahi, eta txapelketak entrenamendua esan nahi du, eta entrenatzeak obligazioa. Eskalatzea plazera da, entrenamendua eta lehiaketa planifikazioa, lotura. Nahikoa entrenatu naiz.

Oroitzen al dituzu hastapenak? Lehenengo bide eta eskalada haiek...

Xoxoten eskalatu nuen lehen aldiz, ikastolarekin egin genuen irteera batean, 12-13 urterekin. Azpeitiko harrobia ezagutu nuen hurrena; lehenengo eskaladak, lehenengo jauziak, lagunak... Koadrila handia joaten ginen eskalatzera.

Harrobia... zer esan nahi du zuretzat Azpeitiko harrobiak?

Azpeitian harrobia edukitzea dena izan da. Han ikasi dugu eskalatzen, gure ikastola izan da. Etxaurira eta Riglosera izan ziren hurrengo irteerak; asko eskalatu nuen han. Yosemite, Verdon, Maroko... baina Siurana dut gustuko, neguan eskalatzeko batez ere. Euskal Herrian Etxaurin zoriontsua naiz, Araotzen ere bai. Eta txoko asko ditut ezagutzeke.

Frankenjurara 1995ean joan zinen lehen aldiz. Arrasto handia utzi zizun, ezta?

Udan batez ere, munduko eskalada fanatiko guztiak biltzen dira han. Lehen egunetik erakarri ninduen, eta urtero noa hara. Alemaniarekin lotura berezia dut, asko gustatzen zait; alemaniarrak interesgarriak dira, bereziak, eta lekuak ere bai. Historia handiko herrialdea da, gainera. Puntu gorriaren eztanda 90eko urteetan izan genuen guk, eta Europara irteten orduan hasi ginen. Kurt Albert puntu gorriaren aita ezagutzea... Frankenjurak garrantzi handia izan du eskaladaren bilakaeran. Eskalatzaile guztiek ezagutu beharreko lekua da: etikagatik eta sortzen den giroagatik.

Ibilbidea

Txapelketak

  • (1995). Espainiako txapeldun, Gasteizen.
  • (1997). Pragako Munduko Kopan 17.
  • (1998). Espainiako txapeldun, Granadan.

Espainiako Bulder txapeldun, Oviedon.

  • (1999). Espainiako txapeldun, Zaragozan.
  • (2000). Espainiako txapeldun, Benasquen.

Munduko Bulder Kopan 4., Munichen (Alemania) eta Rovereton (Italia).

  • (2001). Espainiako txapeldun, Oviedon.

Munduko Bulder kopan 5., Birminghamen (Ingalaterra).

  • (2002). Espainiako txapeldun, Avilesen.

Espainiako Bulder txapeldun, Oviedon.

  • (2003). Petzl Roc Trip proban txapeldun, Millaun (Frantzia).
  • (2004). Espainiako txapeldun, Avilesen.
  • (2005). Munduko Bulder Kopan 6., Birminghamen.

Harkaitzean

  • (1998). Bizkarroiak (7c), bistaz, Baltzolan.
  • (1999). Simonides (8b+), Araotzen.

Agur (8b+) Araotzen.

  • (2000). Parva naturalia (8b), Araotzen.
  • (2001). Matrix (8a) eta Nosferatu (7c+) bulder zeharkaldiak, Frankenjuran (Alemania).
  • (2002). Ongi etorri (8b), Baltzolan.

Patriarca (8b), Araotzen.

  • (2003). Bietan jarrai (8b), Araotzen.

Samba pa ti (8a), bistaz, Tevergan (Espainia).

  • (2004). Buru Gorri (8b+), Araotzen.

El pellejo del viejo (8b), Araotzen.

  • (2005). Anangu (8b), Araotzen.
  • (2006). Lorea (8a+), Araotzen.

Soka motzean

Eskola bat: Siurana, Katalunian.

Bide bat: Simonides (8b+), zailtasun horretakoa eskalatu nuen lehenengoa.

Eskalada: Grabitatearen aurkako paretako dantza.

Azpeitiko harrobia: Lehenengo jauziak.

Txapelketak: Momentu eta erronka jakin bat.

Harkaitza: Mugaren topaketa.

Baiolegi baserria: Bizia.

Bidaiatzea: Onena.

Uztarriak urtarrileko aldizkarian egin zion Leire Agirreri elkarrizketa. Ikusteko klikatu hemen