Habea: "Herritarrei egokitutako hirigintza politika eta haien parte-hartzea sustatzea da datorren legealdiko erronka"

Uztarria.eus 2007ko mar. 7a, 19:03
Habea herri plataformako kideak gaur, Sindikatu Zaharrean, prentsaurrekoan.

Bukatzear dagoen legealdiaren balorazioa aurkeztu du gaur herri plataformak

Udalak gaur egun orain lau urte zituen "behar berak" dituela esan dute Habeako kideek

Habea Azpeitiko herri plataformak bukatzear dagoen legealdiaren balorazioa aurkeztu du gaur (martxoak 7, asteazkena) Sindikatu Zaharrean. Herri plataformako kideek adierazi dutenez, "Udalak orain lau urte zituen behar berak ditu gaur. Hirigintza politika sakonetik aldatu eta herritarren parte-hartzeari bideak irekiko dizkion jarrera aursartak ezinbestekoak dira". Horren aurrean, euren proiektua "modu parte-hartzailean oinarritutako herri eredu orekatua" dela erantsi du IƱaki Errazkin plataformako kideak.

Hirigintza alorreko proiektuei dagokionean, Habeako kideek uste dute ez dela aldaketarik eman "herritarren beharrak eta negozio beharra nahasten diren gaietan". Azken lau urteotan Udalak tasatutako etxeak baino ez dituela bultzatu salatu dute eta, ondorioz, "herriko jende asko etxebizitza aukerarik gabe" geratu dela urte horietan.

Lur industrialei dagokionez, Larreko eremuari ez zaiola irteerarik eman uste du Habeak. Ildo horretan, herriko zenbait enpresek (Sammic, Zubiola eta Osatu) herritik alde egiteko hartutako erabakiaren aurrean kezkatuta azaldu da.

Sistiagako harrobia handitzeko hartutako erabakiarekiko desadostasuna adierazi du. "Enpresa jakin baten beharrei erantzunez, inguruko baserritarrei lurrak espropia zaizkie".

Herritarren parte-hartzeaz Aitzol Iparragirre Habeako kideak salatu du "herritarron diruak kudeatzen dituen erakunde bat" ezin dela "herritarrei itxia egon". Legealdi hasieran abiatutako Euskararen Aholku Batzordearen sorrera, Azpeitiko Gaztetxearen eta Emakumeen lokalaren irekierak, eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren lehen urratsak, "denak berdin jarrai zezan egindako itxura aldaketa" izan direla uste du Iparragirrek. Horren harira, EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) kudeatzean herriko taldeekin egindako hitzarmena bertan behera gelditu izana eta Soreasuko kultur gunearen inguruan herriko taldeekin izandako "desadostasunak" aipatu ditu. Era berean, aurrekontuak eta arau osagarriak egiteko unean herritarren parte-hartzea ez dela bermatu uste du Habeak.

Horren guztiaren aurrean, Habeako kideek esan dute "herritarren beharretara egokitutako hirigintza politika eta haien parte-hartzea sustatzea" izango dela datorren legealdiko "erronka".