'Gu ta gutarrak' taldea ostiralean Gaztetxean izango da

Uztarria.eus 2007ko mar. 7a, 12:03

Sarrerekin ateratako dirua Korrikari laguntzeko izango da

Erniarraitzek antolatutako gainontzeko ekitaldiak "arrakastaz" burutu direla azaldu dute

Erniarraitzen Bertso Aste 2007a azken ekitaldiaren atarira iritsi da. Unai Iturriaga eta Igor Elortzak abestutako hainbat kantu eta bertsoz beteko da Gaztetxea ostiralean. Horri Aitor, Josu eta Xanperen musika gehituta osatzen da “Gu ta gutarrak” taldea. Ostiralean eskainiko dute euren emanaldia Gaztetxean. Korrikaren Kultur Egitarauaren barneko ekimena da eta 22:30etan hasiko da. Hiru euroko sarrera ordaindu beharko da eta horrekin biltzen den dirua Korrikarentzat izango da.

Lehen bi ekitaldiak “arrakastaz”

Lehen bi ekitaldiak ere, nola Azkoitiko Martitteko Bertso Afaria, hala Errezilgo Borondegiko Bertso Txapelketa Azkarra, “oso arrakastatsuak” izan direla azaldu dute Erniarraitz Bertsozale elkartekoek. Bi ekimenetan “jende izugarri” bildu dela jakinarazi dute eta gainera “jendea, bai bertsolariak eta baita entzuleak ere, pozik” atera direla saioetatik. Errezilen, gainera eta Erniarraitzeko kideek esandakoaren arabera, “sorpresa ederra” eman zuten Eneritz Arzallus eta Eneritz Artetxe bertsolari gazteek. Azkenean, Arzallus atera zen garaile baina “saio eder” asko entzun ahal izan zirela azaldu dute, Azpillaga anaiena, besteak beste.

Gu ta gutarrak-en web orrialdera