Loiolako VI. Biatloia martxoaren 17an izango da aurten

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 7a, 11:03
Biatloiko parte-hartzaileak bizikletan.

Parte-hartzaileek egunean bertan eman beharko dute izena

"Mendi biatloia" denez, mendiko bizikletarekin parte hartu behar da

Loiolako San Jose festak hurreratzen ari direla eta, otsail hasieran hasi ziren antolatzaileak, beste gauzen artean, aurtengo biatloia prestatzen. "Mendi biatloia" da Loiolakoa eta, beraz, ezinbestekoa da mendiko bizikletekin parte hartzea.

Aurtengo VI. San Jose Sari Nagusia Loiolako Biatloia, beraz, martxoaren 17an arratsaldeko 16:30ean izango da eta izena egunean bertan, 16:00 ak aldean, eman beharko da. Izena ematerakoan 6 euro ordaindu beharko dira eta kamiseta bat jasoko da.

Biatloi honek gorabeherak izaten ditu urtetik urtera parte-hartzaile kopuruari dagokionez. Izan ere, lehenengo urtean 49 partaide izan baziren ere, ondorengo urteetan, Oñatiko Biatloiaren egun berean egokitzean, jaitsi egin da. Partaide gehienak eskualdekoak izaten badira ere, urte batzuetan etorri izan da eskualdekoa ez den jendea ere; Oñatikoa eta Donostiakoa, esaterako. Proba mistoa da, generoari dagokionez, eta gizonezko zein emakumezkoek parte hartu dezakete.

Ibilbideari dagokionez, hala dio probaren antolatzaile Iñigo Arregik: "aurreko urteetan gogorregia dela esan digute, baina aldatu ez aldatu ibili garenean, oso polita dela ere esan digute; eta, azkenean, ez aldatzea erabaki dugu". Ibilbidea, beraz, aurtengoan ere honakoa izango da: Loiola Irratiaren egoitza parean bizikletaz hasi eta Sokin baserrira (Txalintxo aldea); handik Sistiaga errekara jaitsi eta Iturbide baserritik Nartzabalera (Oñatz aldea) hartuko dute; eta, handik, berriro Loiolara. Ibilbide honi bi bira eman beharko dizkiote eta, gero, bizikleta bazterrean utzi eta korrika hasi beharko dute. Bigarren ibilbidea, korrika egin beharrekoa, laburragoa da: Loiola Irratiren egoitza paretik hasi eta Sistiagako bidegurutzean San Pedro aldera hartu; handik, Uranga paretik berriro Loiola Irrati parera. Ibilbide honi lau bira eman beharko dizkiote. Bizikletan egin beharreko kilometroak, beraz, hamar izango dira guztira, eta lau korrika egin beharrekoak.

Biatloia bukatu ondoren inguruko kirol-dendek emandako sariak parte-hartzaileen artean zozkatu eta banatuko dira. Jarraian, Loiolatxo Elkartean merienda bat eskainiko zaie parte hartu dutenei.