Arnasa hartzeko tarterik ere ez

Berria 2007ko mar. 6a, 11:03
Legen Beltza taldea osatzen duten kideak.

Iazko irailean kaleratu zuen Legen Beltzak Dimension of Pain bosgarren diskoa

"Diskoak atzerrian oso harrera ona izan duela" azaldu dute taldekoek

(Berria.info)

Thrash metalak apenas duen sonarik gurean. Ez dira talde asko heavy metalaren aldaera muturreko hori jorratzen dutenak. Ez dira oso ohikoak gitarren eta bateria hotsen abiadura bizia eta soinu indartsua lantzen dutenak, ez eta deabruari, iluntasunari edota beldurrari etengabe hots egiten dieten taldeak.

Legen Beltza taldea da gutxi horietako bat. Azpeitian (Gipuzkoa) sortu zen taldea 1996an. Egun Xanti Rodriguezek (baxua eta ahotsa), Ekaitz Garmendiak(gitarra), Joseba Azkuek (gitarra) eta Iban Hernandezek (bateria) osatzen dute taldea. Ia bakar eta berezi izateak ez ditu uxatu, eta aurrera egitea lortu dute. Euren bidea egin dute. Bidean topaturiko oztopo andanari aurre eginez, arnasa hartzeko tarterik gabe, Euskal Herritik kanpo lortu dute hemen aitortu ez zaien sona.

Arnasa hartzeko tarterik ere ez du uzten, hain zuzen ere, iazko irailean kaleraturiko Dimension of Pain hirugarren diskoak: "80ko hamarkadan Amerikan egiten zen trasharen eragina dugu, baina, lan honetan sartu ditugu gustukoak ditugun eragin berriak ere. Thrash metal azkarra eta indartsua da. Noizean behin zati melodikoren bat sartzen dugu, baina normalean egurra gelditu gabe", dio Ekaitz Garmendia gitarra jotzaileak.

Canibalistic Revolution, Calling the Black Storm edota Satanic Neighbourhood dira Dimension of pain diskoko kantu batzuen izenak. Haatik, "gai satanikoak edo beldurrezkoak" ez ezik, bestelakoak ere jorratu dituzte azken lanean: "Munduko politikaren egoera, eta Bushek gidatzen duen AEBetako politikaren kritika egin dugu War of Wars eta War of wars 2 kantuetan, esaterako". Aurpegian dolarraren sinboloak odolez zizelkaturik dituen Bushen argazki beldurgarri bat ikus liteke diskoaren liburuxka barruan.

Hiru disko, hiru zigilu.

Euskal Herrian oihartzun handirik izan ez duen arren, "kanpoan oso harrera ona izan du diskoak", Garmendiaren hitzetan: "Madrilen kontzertu bat eman genuen iazko azaroan, eta ikaragarria izan zen. Han badugu jarraitzaile multzo bat eta txundituta geratu ziren". Europako hainbat herrialdeetan trash metalak badu tradiziorik, eta jaso dituzten iritziekin "gustura" dira taldekideak: "Oso kritika onak jaso ditugu. Batez ere, Alemaniatik, baina baita Frantziatik edota Ingalaterratik ere". Europan kontzertuak emateko eskaintzak jaso dituzte, eta "une egokiaren" zain daude bira bat egiteko.

Dimension of Pain Berrizko Lorentzo Recordsen (Bizkaia) grabatu zuten 2005eko azaroan. Nahasketak eta produkzio lana Aitor Arinok egin zituen, eta Belgikako Mausoleum Records diskoetxearekin kaleratu zuten: "Izen handiko zigilua da hori, batez ere heavy tradizionalaren esparruan".

Diskoetxeekin ez du zorte handirik izan Legen Beltzak 10 urte inguruko ibilbide gorabeheratsuan. Istorio triste bat lehen diskoa 2001ean plazaratu zuten IZ Rock Euskal Herriko zigiluaren eskutik: "Bai banaketa eta baita promozioa ere kaxkarra egin zituzten, eta handik gutxira hondoa jo zuen diskoetxeak", argitu du Garmendiak. Bigarren diskoa kaleratzeko estrategiaz "aldatu" zuten: "Pare bat kantu ingelesera itzuli eta kanpoko diskoetxeetara bidaltzea erabaki genuen". AEBetako Crash Music zigiluaren arreta bereganatu eta haiekin kaleratu zuten Insanity bigarren diskoa, 2003an. Abestiak ingelesez konposatzeak ez die "arazo handirik" eragiten Legen Beltzako taldekideei: "Guk entzun izan ditugun taldeek ingelesez abesten dute". Azken diskoan Ilunpean dituzu euskarazko kantua ere sartu dute. Crash Music-ek egindako banaketa lanarekin gustura ez eta lau diskotarako kontratua bertan behera uztea erabaki zuten. Oraingoz ez dute "kexa handirik" Mauseloum diskoetxeberriaren lanarekin.

Informazio gehiago taldearen web orrian