Konposta egiteaz informatzeko gunea, udaletxe azpian

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 6a, 10:03
Udaletxe azpian jarri duten informazio gunea.

Gaur ere izena emateko aukera egongo da udaletxe azpian

Nekazal lurren eta lorategien kalitatea hobetzeko balio du konpostak

(Urola Kostako Hitza)

Gipuzkoako Garapen Jasangarriko Saileko Ingurumeneko Zuzendaritza Orokorrak "Zure esku dago, denon esku dago. Konpostajean parte hartu" kanpaina jarri du abian. Kanpaina honen asmoa herritarren artean konposta egiteko esperientzia sustatzea da. Kanpaina hori, Gipuzkoako Hiri Hondakin Solidoen Kudeaketarako Plan Integralaren ekintzen baitan kokatzen da.

Azpeitian ere, beste zenbait herritan egingo duten bezala, jarri dute parte hartu nahi duten herritarrek izena eman dezaketen informazio lekua. Informazio leku hau udaletxeko arkupeetan jarri dute eta, bertan, gure datuak hartuko dituen pertsona bat jarri dute. Hori bai, gaztelaniaz eman beharko dira, informazio gunekoak ez baitu euskaraz ulertzen. Informazio gune hori atzo jarri zuten eta gaur izango da bertan izena emateko bigarren eta azken eguna, 10:00tatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Hala ere, udaletxe azpiko informazio gunean izena ematen ez duenak 902101048 telefono zenbakira deituz edo www.gipuzkoaingurumena.net webgunean sartuz egin dezake.

Izena eman dutenei esperientziaren xehetasunen berri emango zaie, eta edukiontzi berriak (marroi kolorekoak) non eta noiz jarriko diren esango zaie. Egosi edo frijitu ez diren elikagai begetalen hondarrak bereizteko konpromisoa hartzen dutenek giltza bat jasoko dute etxean, edukiontzia zabaldu ahal izateko.

Edukiontzi marroietako hondakinak, beraz, konposta bihurtuko dira; hau da, nekazal lurren eta lorategien kalitatea hobetzeko produktua. Edukiontzi berde, urdin, hori eta grisez gain, aurten marroia ere ikusiko da Azpeitiko auzoetan.