Hil honetan hasiko dira San Markosetik zaborra ekartzen

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 3a, 16:03

Europako legeak errespetatuz, 2009an itxiko dute Lapatx zabortegia

Bitartean, San Markosekoa jasoko du (Urola Kostako Hitza)

Hondakinekin eta errauste plantekin zerikusia duten hiru erabaki hartu ditu Urola Erdiko Mankomunitateak; horrela adierazi zuen herenegun Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak udaletxean, udalbatzarra bukatu ondoren. Besteak beste, San Markosetik Lapatxera zaborra ekartzen hasiko direla ebatzi dute.

Erabaki horien artean, batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta zazpi mankomunitatek (tartean Urola Erdikoa eta Urola Kostakoa) lankidetza hitzarmena sinatu dute. Bigarrenik, Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko partzuergoa osatzea erabaki dute. Eta, hirugarrenik, partzuergoaren estatutu proposamena egin dute. Erabaki horien arabera, Donostian egingo dute errauste planta; Eizmendiren esanetan, “errauste planta bost urteren buruan eraikitzea aurreikusten da”.

Behin hitzarmena zazpi mankomunitateek sinatuta dutenean, San Markoseko zaborra beste hiru zabortegietara (Azpeitiko Lapatx, Zarauzko Urteta eta Beasaingo Sasieta) ekartzen hasiko direla jakinarazi zuen alkateak: “10 egun barru denak sinatuta izango dutela espero dugu, eta orduz gero gradualki zaborra ekartzen hasiko dira”. Aurrena %10a ekarriko dute, eta %50 partzuergoa eratzen denean. Urritik aurrera, %100a ekartzea aurreikusten dute. Hiru zabortegien artean, guztira 105.000 tona jasoko dituzte urtean: Urtetak 45.000 tona, Lapatxek 35.000 eta Sasietak 25.000.

Hiru zabortegiak 2009ko uztailaren 16an itxiko dituzte. “Behin zabortegiak itxi eta errauste plantak martxan jarri bitartean, partzuegoak hondakinei beste alternatiba bat eman beharko die”, zioen Eizmendik. Partzuergoan mankomunitate bakoitzak hiru ordezkari izango ditu eta biztanleen araberako botoak izango dituzte; “erabakiak gehiengo bikoitzarekin hartuko dira”.

Lapatxek gaur egun jasotzen duen hondakinen bikoitza jasoko du San Markosetik ekartzen hasten direnean; gaur egun 40.000 tona jasotzen ditu urtean eta gero 35.000 gehiago jasoko ditu; beraz, 75.000.

Habeakoek, errauste plantaren gaiaz Udalean inoiz ez eztabaidatzea eta horren baitan erabakiak hartu izana salatu zuten. Baina EAJren eta EAren arabera, “eztabaidatu beharreko organoetan eman da eztabaida, alegia Mankomunitatean”. Azkenik, 2009tik aurrera “zaborra eskualdetik atera behar bada”, zergak igoko ote diren galdetu zuten Habeakoek.

Etxean konposta eginez

Urola Kostako Udal Elkarteak etxean konposta egiteko 90 konpostagailu banatuko ditu eskualdean. Honez gain, konpostagailua erabiltzen ikasteko ikastaroa antolatu dute.

Ez da Urola Kostako Udal Elkarteak eta Foru Aldundiaren Garapen Iraunkorreko Departamenduak ikastaro hau antolatzen duten lehenengo aldia. 2005ean ere antolatu zuten eta jendeak orduan egin zion harrera ona ikusirik, esperientzia errepikatzea erabaki dute.

Ikastaroa martxoaren 6an eta 8an egingo da, Zarauzko Urola Kostako Udal Elkartean (Urdaneta bidea, 6), arratsaldeko 18:00etatik 19:30era. Konpostagailuak eskuratzerakoan ikastarokoek lehentasuna izango dute.

Informazio gehiago lortzeko, 943894261 telefono zenbakira deitu eta Ainhoa Iradirengandik galdetu behar da.