Erregulartasunez eta taldeka mendian

Uztarria.eus 2007ko mar. 1a, 11:03
Gaztetxoek egin beharko duten ibilbidea.

Lagun Onak Mendi Bazkunak ibilaldi neurtua antolatu du gaztetxoentzat

Martxoaren 11an (igandea) izango da

Martxoaren 11n (igandea) egingo da XX. Mendi Lehiaketaren baitako ibilaldi neurtua. Lagun Onak Mendi Bazkuna izan da Azpeitiko ibilaldi neurtuaren antolatzailea. Hala ere, Gipuzkoako beste lau herritan ere egingo da, egun berean: Oiartzun, Tolosa, Antzuola eta Ataunen.

Herriko plazatik abiatuko da ibilaldia, 8:30etatik 9:00ak bitartean eta bi ibilbide izango dira, bata benjamin eta alebinentzakoa eta bestea, infantil eta kadeteek burutu beharko dutena. Guztiak abiatuko dira herriko plazatik eta bigarren kontrola arte ibilbide berdina egingo dute: herriko plaza, Arroyo, Urbigain, Oranda bekoa, Oranda goikoa, Haitz-bakar, Beko bidea, Mendikue eta Urreta txikiraino ibilbide berdina egingo dute guztiek. Hortik aurrera, benjamin eta alebinak Takolora joango dira, eta hortik, herriko plazara jaitsita bukatuko dute ibilaldia. Infantil eta kadeteek Urreta txikitik Urretara jarraitu beharko dute, eta handik, Kostiteko potzua, Goikosaletxe, Sahatseta, Egurtze eta Azkune igaro beharko dituzte. Azkunetik jaitsiko dira herriko plazara eta hor bukatuko dute ibilaldia.

Ibilaldia patruila sistemaz egingo da eta talde bakoitza gutxienez 3 eta gehienez 5 mendizalez osatuta egongo da. Ikastetxe bakoitzeko patruilak ikastetxeko arduradun bat edo gehiagorekin joan beharko du. Ibilaldi guztia egin eta kontrol puntu guztiak igarotzen dituzten patruilak izango dira klasifikatuak. Ibilaldi neurtua izanda, lasterketan ez bezala, partaideek lortu beharko duten helburua erregulartasuna izango da, eta ez bizkortasuna.