Karnabalekin "oso gustura"

Uztarria.eus 2007ko ots. 22a, 12:02

Udaleko Festa Batzordeak inauterien balorazio positiboa egin du

Sokamutilak ere “gustura” gelditu dira eta, eguraldi txarra egin duen arren, jende asko izan dela azaldu dute

Azpeitiko Udal Festa Batzordea “oso gustura” geratu da aurtengo karnabal jaiekin. Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuaren hitzetan, “eguraldia aparte utzita, dena ondo atera da eta gustura” daude.

Jendearen parte-hartzea igotzen doala azpimarratu du Ibarzabalek, “batik bat, astelehen karnabalean”. Hala ere, Udalak hainbat gauza hobetzeko beharra ere baduela adierazi du: “Herritarrek sekulako lana hartzen dute eta dirutzak gastatzen dituzte mozorroak egiteko, eta sariak handitu daitezkela uste dut”.

Horren harira, sariak banatzea gero eta zailago dute Udal ordezkariek, mozorroen maila gero eta hobeagoa delako: “Ez da erraza izaten. Aurten bi edo hiru tabernek eskuratu zezaketen saria, baina bakar batek eraman dezake eta erabakia hartzea zaila da”

Umeen artean inauterienganako zaletasuna sustatu asmoz, plazan jaialdia egin zutela azaldu du. “Jaialdi polita izan zen, baina hurrengorako ordutegiarekin asmatu behar dugu. Umeen desfilean gurasoen parte-hartzea handia izaten da eta hori bultzatu beharra daukagu”, esan du batzordeburuak.

Sokamuturra, “jendetsua”

Fernando Arakistain sokamutilak aurtengo sokamuturraren balorazio “oso positiboa” egin dutela azaldu du. “Oso eguraldi txarra egin du, bereziki, astelehenean eta asteartean baina, hala ere, jendea ez da etxean gelditu eta jende asko ibili da kalean. Horrek zerbait esan nahi duela iruditzen zait”, dio Arakistainek.

“Jendea ez da beldurtzen, eta eguraldi txarra egin arren sokamuturrak jende asko erakartzen du”, azpimarratu nahi izan du.

Horretaz gain, aurtengo inauterietako sokamuturrean ezustekorik ez dela izan ere aipatu du.

Aurten bebarru edo etxe atari gehiago irekita izan direla azpimarratu du Arakistainek, baina oraindik ere asko itxita izaten direla argitu du. “Beste urteetan baino atari gehiago izan dira zabalik baina, hala ere, oraindik gehiago zabaltzea posible da”, azaldu sokamutilak.