Lilatoirako autobusak jarriko ditu Udalak

Uztarria.eus 2007ko ots. 27a, 11:02

Emakumeen lasterketa igandean (martxoak 4) izango da, Donostian

Zuk ere ahal duzu! Etorri lasterka egitera ekimenari lotuta antolatu du autobusa Udalak

Azpeitiko Udalak Lilatoi lasterketarako autobusak antolatu ditu. Donostian izango da emakumeen lasterketa hori, igande honetan (martxoak 4), eta osteguna arte egongo da autobuserako izen-ematea zabalik.

Urtarrilean abian jarri zuen Zuk ere ahal duzu! Etorri lasterka egitera ekimena Azpeitiko Udaleko Kirol Batzordeak, eta ekimen horren helburuetako bat izan da Lilatoian parte hartzeko emakumeak prestatzea. “Ekimenak izandako arrakastak bultzatu du Udala Lilatoirako autobusak jartzera”, dio Nerea Lopetegi Udaleko kirol teknikariak.

Igerileku aurretik aterako da autobusa lasterketa egunean. 09:00etan irten eta itzulera 15:00etan izango da. Lilatoian parte hartu nahi duten emakumeek bost euro ordaindu beharko dituzte. Autobusaren prezioa bi eurokoa da. Nahi duenak lasterketa ikustera soilik joateko aukera izango du, bi euroren truke.

Lilatoi lasterketa 17 urtez egin izan da Donostian. Guztira bost kilometroko luzera du. 11:00etan hasiko da; Alderdi Ederretik abiatu eta hiriguneko hainbat kaletatik igaroko dira korrikalariak. Helmuga Igentea kalean egongo da.