Eliz kalea eraberritzeko lanek 641.950 euroko aurrekontua dute

Uztarria.eus 2007ko ots. 27a, 10:02

Eusko Jaurlaritzak 165.154 euroko laguntza emango dio Udalari

Hirigune historikoa zaharberritze planaren hirugarren fasea da Eliz kalekoa

Eliz kalea eraberritzea, Azpeitiko hirigune historikoa zaharberritze planaren hirugarren fasea da, eta horretarako Udalak 641.950 euroko kostua aurreikusi du. Aurrekontuaren laurdena, baina, Perco programaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak emango dio Udalari: 165.154 euro, hain zuzen. Alde zaharrak sustatzeko asmoz Jaurlaritzak abian jarritako programa da Perco.

Udalak jakinarazi du Perez Arregiko lanak bukatu ondoren hasiko direla Eliz kaleko lanekin, eta aurreikusita du maiatza aldera egongo dela Perez Arregi bukatuta.

Parte zaharra eraberritzeko egitasmoa bigarren fasean ari da. Enparan eta Plaza Txikiko lanak egin zituzten lehendabizi. Orain Perez Arregin ari dira lanean, eta hirugarren fasea eta azkena izango da Eliz kalea eraberritzea.