"Originaltasuna" sarituko du aurten 'Joxe Takolo beka'-k

uztarria 2007ko ots. 26a, 14:02

Proiektuak martxoaren 31rako aurkeztu beharko dira

Beka aurten 4.200 eurokoa izango da

Aurten ere antolatu dute Joxe Takolo beka mendizale, mendi elkarte eta beste edozein eratako taldeentzat, eta Nerea Lopetegi Azpeitiko Udaleko kirol teknikariak Berria egunkariari esan dionez, "mendiko jardueren originaltasuna eta kalitatea sarituko dira aurten".

Diru laguntza eskatu nahi dutenek Azpeitiko udaletxean martxoaren 31rako aurkeztu beharko dituzte proiektuaren memoria, xehetasunak, aurrekontua eta beharrezko dokumentazioa. Beka aurten 4.200 eurokoa izango da.

Joxe Urbieta Takolo mendizalea 2000. urtean hil zen, etxean, bihotzekoak jo. Uztarriak 2001ean hari buruzko biografia argitaratu zuen.

Azpeitiko Udalak, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuten beka, 2001ean. Haietako ordezkari banak eta mendiko gaietan adituak diren zazpi lagunek osatzen dute epaimahaia. Apirileko lehen hamabostaldian jakinaraziko dute zein den irabazlea.

Iaz hutsik geratu zen beka, batzorde teknikoaren arabera aurkeztutako proiektuek ez zutelako behar adinako kalitaterik eta originaltasunik".

Informazioa. 943 157200 telefono zenbakian eta EMFren webean.