Ibai-Eder urtegia ia %60ra igo da, azken euriteen ondorioz

Uztarria 2007ko ots. 22a, 13:02

Duela hilabete eta erdi pasatxo %36an zegoen, behin ere baino ur gutxiagorekin

Une hauetan %58,2an dago beteta

Azkeneko egunetan euri asko bota du -karnabaletan euria protagonista izan da, adibidez- eta horrek eragina izan du Nuarben Ibai-Eder urtegian, ia %60an dagoelako beteta, Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren gaurko (osteguna) datuen arabera. Hain zuzen, %58,2an dago beteta.

Beharra bazegoen pixka bat betetzeko. Izan ere, uztarria.com-ek abenduaren 29an zioen bezala, orduan urtegia 1990ean martxan jarri zutenetik behin ere baino ur gutxiagorekin zegoen: %36an. 2005ean, esaterako, garai horietan urtegia %80an zegoen. Hala ere, urtegiko arduradunek iazko abendu bukaeran zioten bost edo sei hilabeterako bazegoela ura. Orain gehiagorako egongo da, azkeneko hilabete eta erdi pasatxoan %22,2 egin duelako gora.

Nuarbeko urtegiak Azpeitia ez ezik, Azkoitia, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio herriak hornitzen ditu. Hau da, 65.308 biztanle.

Denera 11,3 hektometro kubikoko edukiera du.