Zerbitzu publikoan eragingo duen "ezker erabakigarria beharrezkoa da" Aralarrentzat

Uztarria.eus 2007ko ots. 22a, 12:02

Udal hauteskundeei begira bilera zabala egingo du otsailaren 27an, Betharramdarretan

Martxoaren 27an egingo du hautes zerrendaren aurkezpena

Udal hauteskundeak ate joka direla (maiatzaren 27an izango dira), “aniztasuna eta zerbitzu publikoan duintasunez eragingo duen ezker erabakigarriaren presentzia behar" dela esan du Azpeitiko Aralarrek. “Garaia da denon artean Azpeitia berritu bat eraikitzeko, garaia da emankorrak izateko, garaia betiko egoeratik alde egiteko, erabakiorrak izateko”, azaldu du Miren Garmendia Aralarreko kideak.

Garmendiaren hitzetan, “bake prozesua, egoera politiko nahasia, herritarren kezkak eta beste hainbat faktoreren aurrean aukerak izatea beharrezkoa da” eta gaineratu du aukera horiek eskura izan eta inork eta ezerk ezin dituela hipotekatu.

Aralarren ildo nagusiak “kohesioa eta integrazio soziala, giza eskubideak, bakea, normalizazio politika, erabakitzeko eskubidea, hizkuntza normalizazioa, demokrazia parte hartzailea, enplegu orokorra, etxebizitza eta garapen iraunkorra” izango dira.

"Une egokia" dela dio Garmendiak gai horien aurrean iritziak jaso eta erabakiak hartzeko. Horretarako, Azpeitian bilera zabala egingo duela iragarri du Aralarrek. Otsailaren 27an izango da batzarra Betharramdarretan eta “edonork parte har dezake". “Ekarpen horiek jasotzea litzateke Aralarren izenean joango den herritarren ordezkariak egin beharreko programa osatzeko urrats nagusietakoa”.

Martxoaren 27an egingo dute herriko hautes zerrendaren aurkezpena. Aurkezpen hori ere Betharramdarretan egingo dute.