Mozorrotutako koadrilen gorakada

Urola Kostako Hitza 2007ko ots. 16a, 11:02
Eskimalez jantzi zen iaz koadrila hau. Saria jaso zuten.

Mozorroen "maila igotzen" ari dela diote

Sokamuturra izango da argazki lehiaketaren gaia

(Urola Kostako Hitza)

Astelehen iluntzerako mozorroa prestatzen ari da hainbat koadrila. Iaz, inauterietako astelehen gauean mozorrotutako koadrilek giro bikaina jarri zuten kalean. "Azken urteetan taldean mozorrotuta irteteak indarra hartu du. Orain dela zazpi urte, mariatxi jantzita irten genuenean, 4-5 talde ateratzen ziren mozorrotuta, edota landutako mozorroarekin. Orain koadrila gehiago elkartzen dira mozorroa prestatzeko. Maila igotzen ari da, jendeak gauza originalak egiten ditu, benetan", dio Agustin Jimenezek.

Jimenezek eta bere lagunek urteak daramatzate koadrilan mozorrotzen; iaz inuit-ez edo eskimalez jantzi ziren eta aurrekoetan mariatxiz, batukadaz, gospelez, dragoi txinatarrez... Aurtengoa ere prest dute; "oraingo hau prestatzeko ez dugu lan asko egin, bi aldiz elkartu gara", dio. Baina musikarekin lotutako mozorroa izango dela aurreratu du, "gu geu musikan ibiltzen garenak gara eta, horrelakoetan, musikarekin lotutako zerbait desberdina egiten saiatzen gara; beste arlo bat lantzen saiatzen gara. Musikarekin ateratzen garenean alaiagoa izaten da; iaz, esaterako, eskimalez atera ginen eta mozorroa oso ondo prestatu genuen, baina hotzagoa izan zen". Jimenezen esanetan, beren asmoa inauterietan mozorrotu eta ondo pasatzea izaten da.

Kalean giroa sortzea ere garrantzitsua da Jimenezentzako. "Nik baditut lagun batzuk, bi koadrila edo, elkartu eta mozorrotzen direnak, baina astelehen gauean afaldu eta oso berandu ateratzen dira kalera. Oso ondo mozorrotzen dira, baina kalera berandu ateratzen dira. Ederra da, garaiz atera eta kalea girotzea, horrela ere oso ondo pasatzen baita".

Iaz, astelehen arratsaldean, mozorrotu eta afaldu aurretik kalera atera ziren Iñaki Martinez eta bere koadrila. "Enparango korporazioz mozorrotu ginen iaz. Sokamuturra bukatu zenean Izarraizpe soziedadean elkartu eta jantzi egin ginen, gero poteora jantzita irteteko. Gero, elkartean afaldu eta parrandara atera ginen. Oso ondo pasatu genuen".

Martinez eta bere koadrila urtero mozorrotu izan dira, baina iaz 2-3 koadrila elkartu eta elkarrekin prestatu zuten mozorroa. Aurten ere halaxe egin dute: "Betidanik lagunak izan garen 2-3 koadrila elkartu ginen iaz eta 23 bat lagun eta batera atera ginen, mozorrotuta. Aurten gehiago gara, 30en bat".

Mozorroa prestatzen

Inauteriak heldu aurretik herriko taberna batean elkartzen dira ideak bota eta mozorroa prestatzen joateko. "Ideak bota eta gero, denon artean erabakitzen dugu zertaz mozorrotu. Ondoren, paperak banatu eta talde txikietan elkartzen gara jantziak prestatzeko. Iaz, esaterako, jantziak prestatzeko jaietako programetan begiratu genuen", kontatzen du Martinezek.

Jantziak, gehienbat, beraiek egiten dituzte. "Iaz, mazeroen jantziak egiteko printzesa trajeak erosi eta moldatu egin genituen. Txistularien txapelak egiteko, berriz, piratenak erosi eta moldatuta. Aurten ere antzera egingo ditugu jantziak".

Koadrilan mozorrotuta "saltsa" sortzen dela dio Martinezek. "Giro ederra sortzen da. Iaz, esaterako, bakoitza bere paperean sartu zen eta elkarrekin ederki pasatu genuen. Geure artean ere giro ederra sortu zen. Mozorroa ondo pasatzeko asmoarekin prestatu genuen eta halaxe gertatu zen. Gero, gainera saria eman ziguten udaletxean, eta denok pozik".

Martinezen ustez ere gero eta koadrila gehiago mozorrotzen dira: "Iaz jendeak landu egin zuen mozorroa. Aurten ere ezustekoak egongo dira".

Sokamuturra izango da argazki lehiaketaren gaia

Azpeitiko Argazki Elkarteak inauteri giroan murgilduko ditu argazkizaleak

Inauteri festetan ere argazki zaletasuna sustatzeko asmoz, lehiaketa antolatu du Azpeitiko Argazki Elkarteak. XXVIII. Juan Antxieta Argazki Lehiaketa 2007ko gaia ere sokamuturra izango da.

Bakarrik zuri-beltzeko argazkiak aurkeztu ahal izango dira. Lehiakide bakoitzak aipatutako gaiari buruz gehienez bost argazki aurkeztuko ditu, inolako trukaketa digitalik egin gabe. Argazkien neurria 20 x 30 zentimetro izango da, eta argazki bakoitza 40x50 kartoi mehe batean itsatsita aurkeztu beharko dute. Kartoiaren atzean izenburua, egilearen datuak, helbidea eta telefonoa idatzi behar dira.

Lanak paketean edota kartazal itxi batean sartuta bidali behar dira 326 Posta Kutxara edota Argazki Elkarteko helbide honetara: Perez Arregi Plaza 1-1.solairua, 20730, Azpeitia.

Lanak aurkezteko epea martxoaren 15eko 22:00ak arte egongo da zabalik.

Irabazleak 365 euro eta garaikurra eskuratuko ditu. Ondorengo lau sailkatuek ere sari bana jasoko dute. Bestalde, Iñaki Joaristi Altzarte sari berezia emango diote inauteri giroa egokien jasotzen duen argazkiagatik. Sari banaketa ekitaldia martxoaren 17an egingo da, eta erakusketa zabalduko dute aurkeztutako lan guztiekin, martxoaren 24a bitartean.