Hementxe direla, hementxe direla… karnabalak

Uztarria.eus 2007ko ots. 15a, 13:02
Euskal Ihauteri kalejira gaur izango da Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren eskutik

Aurtengo artzai-iñudeetan danborra ere joko dute

Ikastetxeetan bihar, ostirala, ospatuko dituzte karnabalak

Asteburua gainean da, eta horrekin batera baita karnabalak ere. Igandea, txikiteo elegante eguna, Izarraitz Txistulari Taldearen Dianarekin abiatuko da, goizeko 9:00etan. 10:00etan egingo da hainbat urtetan egin izan den Krossa. 12:00etan hasiko da igandea ezaugarritzen duen eleganteen pasiera eta horrekin batera, sokamuturra izango da hainbat kaletan. Ordu erdiz ibiliko dira zezenak kalean eta amaitu bezain pronto hasiko dira Artzai-Iñudeak, Itsasi taldearen eskutik. Artzai-Iñudeekin batera entzungo dira Juan de Antxieta Musika Eskolaren doinuak eta aurten bigarren aldiz danbor hotsak ere entzungo dira Txikiteo Elegante egunean. Arratsaldean, 16:30etan Sokamuturra egongo da.

Astelehena Astelehena igandeko ajearekin esnatuko da segur aski. Goizean, Enparantza Nagusian zezen txikiak eta poniak egongo dira. 12:00etan hasiko da haur mozorrotuen desfilea. Erraldoiak, buruhandiak, Udal Musika Banda eta Juan de Antxieta Musika Eskolak parte hartuko dute desfilean, mozorrotutako umeez gain. Arratsalde partean, 16:30etan hasiko da sokamuturra eta baita txaranga ere kaleetan zehar. 23:00etan, Itsasi taldeko Ttuntturroak abiatuko dira kalean gora. Ttuntturroak abiatzearekin batera hasiko da mozorroen lehiaketa Pasai Txarangak girotuta. Gau-erdian, Musika dantza taldeak emanaldia eskainiko du herriko plazan. 1:30etan izango da mozorro lehiaketako sari banaketa. Hiru sari sorpresa banatuko dituzte banakakoetan. Mozorrotutako talderik onenarentzako ere hiru sari eskainiko dituzte. Aurreneko taldeak 1.000 euroko saria jasoko du; bigarrenak 800 eurokoa; eta hirugarrenak 600 eurokoa. Plazan musika emanaldia izango da segidan.

Asteartea Asteartean, goizean goiz, txistulariak eta Udal Musika Banda ibiliko dira kaleetan. Goizeko 7etan hasik oda sokamuturra eta eguerdi partera arte Herriko Banda Gaztea eta Herriko Txarangak ibiliko dira kaleetan. Arratsaldean eta Olazko Amaren plazan, umeentzako jolasak izango dira. Arratsaldeko 17:00etan Izarraitz pilotalekuan Erremonte partiduak jokatuko dituzte.

Ikastetxeak

Ostiralean egingo dute herriko ikastetxeek inauteri festa. Ikasberri Azpeitiko Ikastolak 18:30etan abiatuko du, urtero bezala, Euskal Inauterien Kalejira. Haur Hezkuntza lehenengo mailatik hasi eta DBH 2. maila arteko ikasleek parte hartuko dute eta joaldun, zanpantzar, bolanta, txatxo, kotilungorri, mamoxarro eta sorgin mozorrotuko dira. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik ere ostiralean egingo du festa hiru eraikinetan. Jaialdian kaldereroak, mozorroak, zezena, buruhandiak, txokolatea eta karaokea izango dira, besteak beste. Iraurgi Ikastetxean ere antolatu dituzte karnabalak., Haur Hezkuntzakoak, Milagrosako eraikinetik abiatuta, mozorro desfilea egingo dute erresidentziara. Lehen Hezkuntzakoak, Betherramistetan, musikaz eta mozorroz betetako festa egingo dute. DBHko ikasleek taberna jarriko dute ikastetxean bertan, pintxo eta edariekin, ikasbidairako dirua lortu asmoz. Iraurgi ikastetxeak mozorro onenei sariak eskaintzen dizkien arren “ikasle gutxi mozorrotzen direla” azaldu dute. Batxilergokoek emanaldi sorpresa emango dute festaren baitan.