Badatoz kaldereroak

Uztarria.eus 2007ko ots. 8a, 12:02

Etzi, larunbata, izango da kalejira

Aurten Kepa Susperregi eta Jose Luis Frantzesena omenduko dituzte

Gaur, osteguna, egingo dute azken entsegua eta etzi, larunbata, izango da Kalderereroen festa. Urtez urte Ardozaleak Elkartea ibili izan da kaldereroen festa antolatzen eta aurtengoa ere prestatu dute.

Lehenengo eta behin, afaria egingo dute Ardo Zaleetakoek elkartean bertan. “Ardo Zaletako talde ederra elkartzen gara afari horretan. Urteroko ohiturari eutsiz, baratxuri zopa eta gisatua jango ditugu”, azaldu du Estanis Aizpurua Ardo Zaleak elkarteko kideak. Afal ondorenean omenduko dituzte aurtengo ohorezko kofradeak. Aurtengoan, Kepa Susperregi eta Jose Luis Frantzesena izan dira ohorezko kofradetzarako izendatuak. “Bi omenduei kapak jarriko dizkiegu eta plaka eder bana emango diegu” adierazi du Aizpuruak. Omenaldiaren ondoren, Azpeitiko Udal Musika Banda, Juan de Antxieta Musika Eskola eta Zapo Txokoko hainbat haur eta gazte Ardo Zaleen elkartera azalduko dira eta hortik abiatuko dute, guztiek elkarrekin, kaldereroen konpartsa. “Elkartetik karroa eta astoa ateratzen ditugu, lehenengo. Ardo Zaletatik ekiten diogu, ondoren, kalejirari”. Aizpuruak azaldu duenez, “ibilbideak ez du izango aldaketarik” aurtengoan. “Beste urteetako ibilbide berdina egingo dugu. Elkarte aurretik irten, Aranean gora joan, eta plazatik behera egingo dugu Eliz kalera. Enparan kalera pasako gara, gero, eta Erdi kaletik joango gara plazaraino” azaldu du. Behin plazan daudela, kaldererotako hainbat pieza joko dituzte eta horrekin amaiera emango zaio kalderero festari.

Aurretik, Zapo Txokon

Kalderero jaia, hala ere, Zapo Txokon bilduko diren gaztetxoek abiatuko dute, kalejira nagusia baino bi ordu lehenago. Izan ere, 20:00etan hasiko da kalderero gaztetxoen jaialdia Zapo Txokon. “Aurtengoa 3. urtea dela” jakinarazi digu Zapo Txokoko begiraleetako batek. “Herriko bi ludoteketan elkartuko gara, lehendabizi, eta Zapo Txokora abiatuko gara guztiok, ondoren” azaldu du begiraleak. Gaztetxoek ere entseguak eginak dituzte kaldereroetarako, beren gisara bada ere. “Kalderero nagusien entseguak astegunean 21:00etan izan dira eta gaztetxoentzat berandu da ordu hori kalean ibiltzeko. Beraz, ludoteketan, begirale eta hezitzaileekin egin dituzte arratsaldero, ordu batez, kaldererotako entseguak gaztetxoenek”.Kalderero jaialdiaren ondoren, Judit Uegun ipuin kontalaria izango da gaztetxoekin eta kaldereroen inguruko ipuin bat antzeztuko du. Ipuin kontaketa amaitzean, Zapo Txokon bildutakoak Ardo Zaleen elkartera joango dira eta bertan elkartuko dira kaldereroen konpartsako kide guztiekin kalejira hasteko.