Santa Ageda doinuak izan dira asteburuan

Uztarria.eus 2007ko ots. 7a, 12:02
Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoak santa eskean Sanjuandegiko taberna batean

Igandean aritu ziren santa eskean matxinbentarrak eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoak

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastolakoak, aldiz, ostiralean jardun zuten

Astelehenean izan zen Santa Ageda eguna. Horren aurretik, igandean ospatu zen Santa Ageda bezpera eta horrekin batera, santa eske doinu bat baino gehiago entzun zen Azpeitiko kale eta baserrietan.

Matxinbentan urteroko ohitura da bertako gazteak Santa Ageda bezperan santa eskean irtetea. “Aurtengo Santa Ageda jaiekin gustura” gelditu badira ere, Festa Batzordekoek adierazi dutenez “iaz baino jende gutxiago izan da aurtengo santa eskean”:

Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoak joan den igandean irten ziren santa eskean . Garai bateko usadioei jarraituz, Azpeitiko kaleak santa eske doinuez alaitu zituzten euren makila eta txapelekin. Bide batez, DBH 3 eta 4.mailatako ikasleek ikasbidaia egin dezaten dirua lortu zuten.“Oso ondo atera zen festa” azaldu du Santa Eskean parte hartu zuen irakasleetako batek. “Bi taldetan banatu ginen. Batetik, ikasle eta irakasle talde bat Loiola aldean barrena ibili zen kantuan, Loiola inguruko baserrietan” adierazi du irakasleak. “Bigarren taldeak, guraso eta zenbait irakaslek osatuta, Olazko amaren plazatik irten eta sanjuandegirako bidea egin genuen”. Talde biak ez ziren eskean bakarrik aritu, hala ere. “Ikasle eta irakasleen taldeak, ikastolako trikitilariak lagun, Izaro Zinkunegi eta Eneritz Arzallus izan zituzten bertsotan, Ikasberriko ikasleak horiek ere. Beste taldearekin aritu ziren “Ministro” eta Anjel Larrañaga koplatan eta horiei ere Ikastolako trikitilariek lagundu zioten” azaldu du irakasleak. Ordura arte, bi taldeak bakoitza bere bidetik ibili zen santa eske giroan. Gero, ordea, “bi taldeak Joxe Antonio Agirre plazan elkartu ginen, elkarrekin abesteko. Ikasle, irakasle eta gurasoek elkarrekin abestu genuen eta amaiera eman genion urte honetako Santa Eskeari.

Ostiralekoak

Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastolakoak ere atera ziren santa eskean. Ostiral goizez egin zuten eta hiru eraikinetan egin zuten. “Ikastola berrian eta Perretxikon ikasleak taldeka bildu eta eraikinean bertan egin zuten santa eskea. Aurrez ikasitako koplak abestu zituzten eta bateren bat animatu zen bat-batekora ere ” azaldu dute. “Urola Ikastolako DBH 1 eta 2ko ikasleak hiru eraikinetan izan ziren. Ikastola berria, Perretxikon eta Institutan izan ziren eta baita bidean gelditzen diren kaleetan ere” adierazi dute.