Uztarriaren otsaileko aldizkaria kalean da

Uztarria.eus 2007ko ots. 2a, 16:02
81 zenbakiaren azala

Ostegunean, otsailaren 1ean, hasi ziren aldizkaria banatzen Uztarriako bazkideei eta harpideei etxeko buzoietara

Asteburuan etxe denetan banatuta izango da

Uztarriaren otsaileko zenbakia kalean da jada. Joan den asteburuan jaso zuten Uztarriako bazkideek eta harpideek etxean azkeneko zenbakia. Hona hemen Uztarrian jorratu diren gaiak:

  • Iritzia . Koldo Aldalur, Olatz Prat, Aitor Zinkunegi, Maria Jesus Aranburu eta beste azpeitiar batzuen iritziak eta Jon Berdejo eta Andoni Salegiren marrazkiak.
  • Nola egin aurrera? . Bake eta konponbide prozesua hiltzorian al dago? Zerk hutsegin du orain arte? Zer egin daiteke? Herritarrok ba al dugu zereginik?... Horixe jakin nahi izan du Uztarriak eta 15 herritarren iritzia bildu du
  • Aintzindari paperean . Azpeitiko danborrada bezala, bada garai hartan herrian sortu zuten beste zerbait: Olatz aldizkaria. Bost urtean egon zen.
  • Elegantzia puntutan Elegante Eguneko trajeek lan handia dute atzetik: aukeratu, ohiala erosi... Uztarriak Tere Ezeiza jostunarekin jantziak nola egiten dire ikusi du.
  • Profesionaletara pasatzeak ez dit gehiegi eragin neure eguneroko bizitzan Gehienen antzera ikasiko zuen, segur aski, Mireia Epeldek ere bizikletan ibiltzen. 10 urte eskas zituela hasi zen, hala ere, Peña Elortza Azkoitiko txirrindulari elkartearekin korritzen. Duela gutxi, txirrindularitza profesionalerako jauzia ematera iritsi da.
  • Eta zein da zure izena? . Iaz jaiotako herriko haurren izenen eta duela 50 urtekoen artean aldea dago. Lehen Ignacio, Arantxa... ziren. Orain Unai, Ane...
  • Adinagatik eta lanagatik utziko zionat sokari . Iñaki Zuloagari umetatik datorkio zezenarekiko zaletasuna. Orain dela 14 urte egin zen sokamutil, baina aurtengoa izango du sokaren zaindari igaroko duen azkena; karnabaletan sokari uzteko erabakia hartu du.

Oraindik Uztarria aldizkaria etxean jasotzen ez dutenek badute aukera horretarako webgune honetan bertan. Harpideek aldizkaria hilabetero jasoko dute beren etxean doan. Aldiz bazkideek , urtean 27 eurotako kuota ordainduta, aldizkaria etxean jasotzeaz gain, Uztarriako proiektuak bultzatzen lagunduko dute.