Ibai Eder urtegiko maila gora doa, baina oraindik ez da nahikoa

Urola Kostako Hitza 2007ko ots. 2a, 10:02
Joan den asteko elurteen ondorioz, Nuarbeko Ibai Eder urtegiko ur maila egun hauetan ari da igotzen

Gipuzkoako Ur Kontsortziokoen esanetan, aurten bezalaxe 1996an eta 2002an ere urtegiak baxu egon ziren

Azken asteotan egindako euriari eta elurteari esker Nuarbeko Ibai Eder urtegiko ur maila igotzen ari da. Astelehenean %37,33 zegoen beteta; astebete lehenago, ordea, inoiz baino baxuago zegoen: %32,39an. Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Mikel Zubizarretaren esanetan, elurtearen eraginak orain ari dira antzematen urtegian: «Urtegiko ur mailaren igoeran elurteak izan du eragina, noski. Baina elurrak baino gehiago aurretik egin zuen euriak eragin du igoera. Elurtearen eragina orain ari gara antzematen, hau da, aste honetan euria egiten ari da, eta mendian dagoen elurra urtzen ari denez, urtegiko ur maila egunean 15-20 zentimetro igotzen ari da».

Urtegia betetzen ari da, baina oraindik ere baxua da bertako ur maila; herena dago beteta. Hala ere, uda nola joan litekeen ezin dute aurreikusi. "Udan zer izango den edota berriro ere lehorte egoerara iritsiko garen bi faktoreren baitan dago. Batetik, oraindik urtegiko ur maila igotzen ari da eta igoera honek egun batzuetan jarraituko du. Beraz, elur guztia urtu eta mendiko ura urtegira iristen denean, zein mailatan gelditzen den ikusi beharko da. Bestetik, hemendik uda bitartean egin dezaken elurrak edo euriak zerikusia izango du. Normalean, eta datu historikoek hala diote, hemendik maiatza bitartean euria egin beharko luke".

Garai honetan ur maila baxua bada, "kezka beti" izaten dela diote Ibai Ederreko arduradunek. "Garai honetan presaren ur maila baxua bada beti izaten da kezka. Baina ez da presa baxu egon den urte bakarra, 1996 urtean eta 2002an ere urtegiak baxu egon ziren, eta esperientziak esaten digu otsailetik martxora egiten duela euri gehien lurralde honetan".

Helburua, beteta egotea

Udan ur faltarik ez izateko, urtegietako arduradunen nahia, ur maila %100ean egotea da. "Gure helburua, normala den bezala, urtegia %100ean beteta egotea da. Hortik aurrera, %90 edota %80 beteta egotea nahikoa den esatea zaila da, izan ere faktore asko daude ur mailan eragiten dutenak: tenperaturek, ebaporazioek, eta abarrek. Ez da berdina udan bero handia egitea (ebaporazioa asko igotzen da eta kontsumoa ere bai) edota bero normala egitea".

Urtegia martxan jarri zutenetik izan duen mailarik baxuena joan den hilean izan du (%32an). Baina iaz urtarrileko datuak bestelakoak ziren Nuarbeko urtegian: 2005eko abenduaren bukaeran eta 2006ko urtarrilaren hasieran egindako euri jasen eta elurraren urtze azkarraren ondorioz, Ibai Eder urtegia ia goraino bete zen; %91,4an beteta egon zen, azken hamar urteotakomailarik altuenean. 10.199.000 metro kubikoko ur bolumena zuen bilduta.

Orain zenbat beteko zain eta orduan urtegiak gainezka egitea ekiditeko, ura irteeten utzi zuten. Aurten, ordea, bestelakoa da egoera, 2002koarekin antz handiagoa du: orduan %44,48 mailan zegoen urtegia beteta.

Nuarbeko Ibai Eder urtegiak Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Aizarnazabal, Zarautz, Orio, Zumaia eta Getaria herriak hornitzen ditu. Hau da, 65.308 biztanle.

Nuarbeko Iba Eder urtegiaren ur maila bideo batean jaso du uztarria.com-ek hemen