Ura beharrean, aparra Errezil errekan

Urola Kostako Hitza 2007ko ots. 1a, 16:02
Errezil erreka aparrarekin zuri-zuri eginda

Errezil erreka aparrez beteta zegoen larunbatean; ez da lehenengo aldia

(Urola Kostako Hitza)

Azkenaldian kutsadura, klima aldaketa eta ozono geruzaren zuloa, gaurkotasunaren puntaren puntan dauden gaiak dira. Eskualdean ere kutsaduraren zantzu nabarmenak daude eta aurtengo neguan klima aldaketa ere nabarmen antzeman da.

Kutsadura areagotzen duten jarduerak egunero gauzatzen dituzte biztanleek eta baita eskualdeko enpresek ere. Askotan herritarrak ez dira ohartzen egunerokotasunean, ohituraz egiten dituzten zenbait ekintzek nolako kaltea suposatzen duten gizadian. Enpresen ekintzak bortitzagoak izan ohi dira, eta nabarmen antzematen dira hauek gizadia nola erasotzen duten.

Eskualdean ere sarri izan dira isuriak ibai eta erreketan, eta horietako baten adibide garbia da joan den larunbatean Azpeitin izandakoa. Bere izena ezagutzerik nahi ez duen lekuko batek jakitera eman duenez, "larunbat goizean, Amuko zubi inguruan nenbilen argazki kamera hartuta, eta halako batean errekan apar arraro bat ikusi nuen". Lekukoak hainbat argazki atera zituen eta aparraren jatorria ezagutzeko asmoz, errekan gora egin zuela azaldu du. Horrela, isuriaren iturburura iritsi zen: Azpeitiko industria kimikoko enpresa bat. Larrialdietarako telefonora deitu zuen, eta Eusko Jaurlaritzako teknikariak bertan zirela adierazi zioten.

Eusko Jaurlaritzako teknikariek, euren aldetik, isuri hau ez dela ez industriala ez toxikoa diote. Enpresa honek, suteetarako ur deposito bat du eta bi urtean behin hustu behar izaten dute. Bi urteetan zehar, zikinkeria pilatzen da ur depositoan, eta orain hustu dutenean, dena Errezil errekara joan da.

Teknikariek azpimarratu nahi izan dute errekako arraiak ez direla hil, iaz gertatu zen bezala, eta isuri honek ez duela kalterik eragin ez faunan ezta floran ere.

Bestalde, bi urtetik behin isuri hau gertatu ez dadin Eusko Jaurlaritzako teknikariak eta Azpeitiko enpresako arduradunak harremanetan daudela azpimarratu dute Jaurlaritzako teknikariek.

Ez da lehenengo isuria

Joan den urteko otsailean beste isuri bat izan zen Errezil errekan. Isuri hau Lapatx zabortegiaren inguruan izan zen eta antzeman orduko ingurua isolatu zuten.

Zumaiatik igarotzen den Narrondo ibaian ere azken bi urteotan bi isuri izan dira. Bat, 2005eko otsailean izan zen eta bigarrengoa, berriz, joan den ekainean.

Erreketako isuriez gain, bestelako kutsadura motak ere egon badaude eskualdean. Hala nola, Arroa Beheko Sansinenea industrialdean, zabor "pila bat" dago inguruetan zabaldurik. "Zikinak janda dago guztia, bai berdeguneak, eta baita erreka inguruak ere", nabarmendu du Arroa Beheko bizilagun batek.

Gorka Unanue Zestoako alkateak azaldu duenez, "industrialdearen garbitasuna mantentzeko sarea osatzeko dago oraindik". Industrialdeko enpresei dagokie bertako mantenimenduaz arduratzea, eta partzela denak saldu gabe daudenez, oraindik prozesua bukatu gabe dago.