Ostiralean hasiko dira Matxinbentan Santa Ageda festak

Urola Kostako Hitza 2007ko ots. 1a, 12:02

Lehendik gaur egunera auzoko festak aldatu egin direla diote bertakoek, bai ekitaldi eta bai jende aldetik

(Urola Kostako Hitza)

Bihar hasiko dira Matxinbentako festak, santagedak. Gaur egungo eta garai bateko festek zerikusi gutxi batzuk gordetzen dituzte; halere, lehen eta gaur Matxinbentako gazteek antolatutakoak dira. IƱaki Agirrezabala, lehen auzoko festak antolatzen ibili zen, baina gaur egun lekukoa bere seme-alabei pasatu dio.

Gaur egun bezalaxe, lehen ere, Santa Ageda bezperan izaten zen festetako egun handia. "Suziriekin hasten genuen festa, eta gero kalejira-eta egiten ziren. Orduan, hemengoak ere mordoxka biltzen ginen, etxe bakoitzean zazpi edo zortzi ginelako. Gaur egun, berriz, gutxi gelditzen gara bertan. Egan musika taldearen dantzaldiak ere izaten ziren eta jende piloa etortzen zen. Talde hauekin sarreran diru asko biltzen zen eta zozketak ere egiten genituen; beraz, festak antolatzeko ere gaur egun baino diru gehiago izaten genuen".

Lehen diru gehiago biltzen zen festetana, baina antolatzea ere gaur egun baino gutxiago kostatzen zela diote matxinbentarrek: "Gaur egun festetan edozer gauza antolatzea lehen baino gehiago kostatzen da".

Auzoetako jaietan gazteen ohiturak ere aldatu egin dira: "Lehen hemen hasten eta bukatzen zen festa, baina gaur egun 02:00etarako hemen festa bukatu egiten da eta Azpeiti aldera joaten dira gazteak, gaua luzatzera".

Santa eskean irteteko ohiturari heldu egiten diote matxinbentarrek. Baina ez dira auzoan bakarrik ibiltzen, Azpeiti aldera ere etortzen dira. "Loiola aldean izaten da hasiera, gero handik Landeta aldera eta bueltan Matxinbentara".

Aurten, lehenengozartisauak egongo dira

Sei-zazpi lagun ibiltzen dira Matxinbentako festak antolatzen. "Festa herrikoiak izaten dira, baina politak", diote.

Aurten, aurrenengo aldiz artisau azoka antolatu dute; igandean izango da. Hiru edo lau urtean Agorregi baserrikoak egon izan dira oreinekin, baina aurten haiekin batera artisauak egongo dira: Lanabesak egiten dituen Nuarbeko Inazio Amilibia; egurra lantzen duen Karlos Irazu eta pilota egiten dituen Alberto Gonzalez Caballo Rojo.