Kepa Susperregi eta Jose Luis Frantzesena omenduko dituzte kaldereroek

Uztarria.eus 2007ko urt. 30a, 20:01
Susperregi eta Frantzesena.

Larunbatean hartu zuten erabakia Ardozaleak Elkarteko kideek

Otsailaren 10ean izango da kaldereroen kalejira

Kepa Susperregi Azpeitiko Parrokiko erretorea eta Jose Luis Frantzesena Azpeitiko Udal Musika Bandako zuzendaria omenduko dituzte aurten kaldereroen jaian, Uztarriak jakin duenez.

Ardozaleak Elkarteko kideen eginkizuna da omenduak aukeratzea -elkartekoek irteten dute kalderero-, eta joan den larunbatean bildu ziren zeregin horretarako. Bozkatuenak Frantzesena eta Susperregi izan ziren.

Kaldereroen festa

Otsailaren 10ean (zapatua) izango da kaldereroen kalejira, karnabalen aurreko asteburuan.

Urtez urte Ardozaleak Elkartea ibili izan da kaldereroen festa antolatzen eta aurtengoa ere prestatu dute. Aurrena elkartean (Aranean) afalduko dute eta omenduei oroigarri bana emango diete. Ondoren, kalejiran aterako dira, 22:00etan, elkartearen aurretik. Baina ez dira bakarrik ibiliko kalejiran, Udal Musika Bandakoak eta Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleak ere aterako baitira, Ludoteketako begiraleekin eta haurrekin batera.

Iaz Zine Kluba eta Julian Barrenetxea Abesbatza omendu zituzten.