Baratza Programa abiatu dute

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 29a, 10:01
Baratze bat

Erretiratuek baratza txikiak landu ditzaten bultzatu nahi du Udalak (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udaleko Gizartekintza sailak baratza programa abian jarri du. Erretiratuek edota 55 urtetik gorako pentsiodunek eta lanik egiten ez dutenek eman ahal izango dute izena programan. Izena emateko epea otsailaren 9a arte egongo da zabalik, Udaleko Gizartekintzako 943 157192 telefono zenbakira deituta.

Iaz ere baratza programa abiatzeko saiakera egin zuen Udalak. 30 lagun inguruk eman zuten izena orduan, baina azkenean Udalak ezin izan zuen lur sailik lortu, lurrak salduko edo alokatuko zituen inor ez zelako azaldu. Ondorioz, bertan behera geratu zen ekimena. Orain, Udalak izena eman zuten haiei banan-banan deitu die, programan parte hartu nahi duten galdetzeko.

Baratzaren programari ekiteko, Udalak lur sail batzuk jarriko ditu herritarren eskura. Oraindik ez dute argitu zein baldintzatan emango dituzten lur sailak. Kanon bat ordaindu beharko dela aurreratu du Udalak, baina ez du zehaztu zenbatekoa izango den. Aurrena, Udalak berak Esklabatako lurretan dituen lur sailak utziko ditu baratza programa aurrera eramateko.

Erretiratuen eta pentsiodunen aisialdirako aukera bat gehiago eskaini eta naturarekin lotura bultzatu nahi du Azpeitiko Udalak baratza programarekin.