'Antolatzea eta borrokatzea gazteon eskubidea' jaialdia gaztetxean

Uztarria.eus 2007ko urt. 25a, 13:01

Jarrai-Haika-Segi auzia salatu eta erantzuna emateko egingo da jaialdia

Otsailaren 3an izango da

Antolatzea eta borrokatzea gazteon eskubidea lemapean jaialdia antolatu dute Urola-Kostako hainbat herritarrek. Atzo arratsaldeko prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, otsailaren 3an izango da jaialdia, Azpeitiko gaztetxean.

Espainiako Epaitegi Gorenak Jarrai-Haika-Segi auziaz hartutako erabakia salatu eta erantzuna ematea da jaialdiaren helburua. Auziaren ondotik 23 gazte atxilotzeko agindua etorri da, horien artean Garikoitz Etxeberria Kafe herritarrarena. Horren aurrean, "sententzia horrek, ideologia baten ilegalizazioa" duela xede adierazi dute. "Ideien kriminalizazioa salatu eta independentzia eta sozialismoaren proiektu politikoa defendatzeko eskubidea” aldarrikatu nahi dituzte jaialdiarekin. “Jaialdiak izaera herrikoia izango du, herritik herriarentzat bideratuta eta auzolanean oinarritua izango da” azaldu dute.

"Gazteok antolatzeko eta borrokatzeko eskubidea"

Prentsaurrekoan bildu ziren herritarrek “gazteek duten antolatzeko eta borrokatzeko eskubidea” aldarrikatu zuten. “Espainiako Auzitegi Gorenaren ekinbideak azken 25 urteotan euskal gazteriaren defentsan egindako lan eskerga guztia zigortu egin nahi du. Azken finean, euskal gazteriaren aurkako erasoa da. Gure kasa pentsatu, antolatu eta lan egiteko eskubidea eta gure herriaren alde egiteko eskubidea zapuztu nahi dute”, azaldu zuten prentsaurrekoan bildutakoek. “Demokrazian, proiektu politiko guztiak berdintasunean defendatzeko askatasuna eta eskubidea” aldarrikatu dituzte.

Otsailaren 3ko Jaialdiaren egitaraua(Azpeitiko gaztetxean)

21:00etan Txotxari hasiera. Ondoren ekitaldia

22:30etatik aurrera kontzertuak: Metralleta, Sekuentzia, Paukoiat eta Ezinean