Bukatu dira sansebastianak, arrakastaz

Uztarria.eus 2007ko urt. 22a, 12:01
San Sebastian bezperan helduen danborradakoak, plazan.

Giro ederrean ospatu da danborradaren 50. urteurrena

Bukatu dira San Sebastian festak, arrakastaz bukatu ere, giroa ederra izan delako, eta berezia, Azpeitiko danborradak 50 urte bete dituelako.

Larunbatean, gaueko hamabietan izan zen bandera jaitsiera. Aurten sekula baino jende eta talde gehiago izan da bandera jaitsieran.

San Sebastian bezpera jendetsua izan zen larunbatean. 900 herritarretik gora izan zen danborradaren desfilean eta kaleak ere jendez lepo zeuden. Urtero bezala, OƱatzbideko gastadoreak joan ziren danborradaren buruan. Gastadoreen atzetik joan ziren danbor jotzaileen 20 taldeak kaleak danbor hotsez betez. Hamabietan egin zuten bandera igoera ekitaldia udaletxeko balkoian eta bertan bildu ziren danbor jotzaileen taldeetako banderak ere. Bandera igoerarekin batera, Udalak Udal Musika Banda omendu zuen oroigarri batekin eta jarraian bost suziri bota zituzten udaletxetik, danborradak duen hamarraldi bakoitzeko. Presoak gogora ekartzeko unea ere izan zen herriko plazan. Euskal Presoak Euskal Herrira Azpeitiko Topaguneak irakurri zuen manifestua.

San Sebastian eguna, urtero legez, helduen danborradako Gure Ametsa eta Ardozaleen taldeek esnatu zuten. Bi taldeak, udaletxe aurrean, Udalbatza eta txistulariekin elkartu eta parrokira joan ziren, prozesioa hasteko. Behin prozesioa bukatuta, meza nagusia ospatu zen Soreasuko San Sebastian parrokian. Gorixo ganadutegiko zezenak izan ziren ondoren eta sokamuturra bukatu ostean hasi zen umeen danborrada. Hamar taldek osatu zuten umeen danborrada. Taldeen atzetik joan zen Saioa Imazek danborradaren 50. urteurrena gaitzat hartuta egindako karroza. Arratsaldean eta gauean ere danborradak egin zituzten umeen danborradako talde batzuek eta baita helduenekoek ere.