Pedro Illarramendi: "Plazan 'Sebastianen martxa' jotzen dugun unea zoragarria da"

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 19a, 11:01

Pedro Illarramendi Azpeitiko danborrada sortu zenetik urtero atera izan da danborradan; azken 40 urteotan Alkartasuna taldeko zuzendaria izan da

(Urola Kostako Hitza)

1957an Azpeitian danborra sortu zenetik, Pedro Illarramendik (Azpeitia, 1938) urtero parte hartu izan du bertan. Aurten 50 urte beteko ditu Azpeitiko danborradak eta, beraz, 50 urte beteko dira Illarramendi danborradan parte hartzen hasi zenetik. Landeta eta Oargi taldeetan ibili izan zen hasieran. Ondoren, 1967an Alkartasuna taldea sortu zenetik, bertako zuzendaria izan da. Guztira, 40 urte daramatza Alkartasunan. Aurten, taldeko kide «garrantzitsu» bat falta dute beraien artean: Migel Mari Zubeldia. Zubeldia, azaroaren 14an hil zen eta hau ere taldearen sorreratik aritu da danborra jotzen. Haren omenez, «inoiz baino gogotsuago» joko dutela azaldu du Illarramendik. Bestalde, lazotxo beltz batzuekin aterako direla nabarmendu du.

40 urte daramatzazu Alkartasunako zuzendari. Aurreko 10 urteetan ere zuzendari bezala atera al zinen danborradan?

Lehenengo bi urteetan haurren danborrada bakarrik ateratzen zen, eta hori antolatzen ibili nintzen. Gainontzeko urteetan, Oargiko taldea-rekin atera nintzen eta ondoren, 1965. urtean, Landetako taldera pasatu nintzen. 1967. urtean nere betiko koadrilarekin hasi nintzen ateratzen. Garai hartan, Bar Anton Alkartasuna izena zuen taldeak. Orduan ez genuen elkarterik ere.

50 urte hauetan, beraz, danborra jotzeko aukera gutxi izan duzu.

Bezperako danborradan beti zuzendari bezala atera naiz, baina banderaren jaitsierako danborradan, aldiz, danborra jotzen atera izan naiz Barrenetxea taldearekin. Danborra jotzea oso gauza ederra da eta nire nahia danborra jotzen bukatzea da. Izan ere, danborra jotzen ardura gutxiago daukazu, lasaiago jotzen duzu. Zuzendariak, berriz, taldearen ardura du, nolabait, eta zerbait gaizki eginez gero, taldeak gaizki jotzen du.

Beraz, laster ikusiko al zaitugu danborra jotzen?

Ni orain zuzentzen ateratzen naiz, eta osasunak laguntzen badit behintzat, beste pare bat urtez zuzentzen ateratzea gustatuko litzaidake. Gero, danborra jotzea nahiko nuke.

Duela 50 urtetik hona, asko aldatu al da danborrada?

Oso desberdinak dira garai bateko danborrada eta gaur egungoa. Hasieran bi talde ginen, danborrak eta barrilak, eta aurretik gastadoreak joaten ziren. Musika ere asko aldatu da; gaur egungo taldeekin ezinezkoa izango litzateke musika bandarekin bakarrik jotzea. Megafonia jarri zenean arazo asko konpondu ziren.

Urduritasunak uzten al dizu danborradaz gozatzen?

Urtero uste izaten dut ez nagoela urduri, baina unea iristen denean urduri nagoela konturatzen naiz. Aurretik lagunekin afaltzea-eta asko gustatzen zait, baina beti ere kontrolatu egin behar izaten da, seriotasuna eman behar baitzaio danborradari. Azpeitiko danborradak kategori bat lortu badu, parte-hartzaileen seriotasunagatik izan da. Urduri egon arren, asko disfrutatzen dut.

Nork erakutsi zizun zuzendari lana?

Txiki-txikia nintzela, sei urte nituenean, organo jotzaile bat etorri zen musika erakustera. Berarekin hasi nintzen musika ikasten, sei urterekin. Bederetzi edo hamar urterekin dagoeneko zuzentzen hasi nintzen; gauza handirik ez, baina zerbait bai: 11 edo 12 urterekin abesbatzako ikasle gazteagoei zuzentzen hasi nintzen, adibidez, eta zenbait sari ere lortu genituen txapelketetan. Frantsezena berarekin zuzendari izateko zenbait ikastaro ere egin izan ditut. Betidanik gustatu izan zait abestea. Danborradako lehenengo urtean ni nahiko heldua nintzen haurrekin zuzendari ateratzeko, eta nire lehengusu Luis Ibarzabal atera zen.

Eta zeuk irakatsi izan al diozi inori nola zuzendu?

Egia esan, bati bakarrik irakatsi diot: Landetako zuzendariari. Beno, erakusteko denbora asko ez nuen izan; 1966. urtean atera nintzen ni azkeneko aldiz Landetakoekin, eta urte horretan aritu nintzen irakasten. Nire lehengusuari ere, Luis Ibarzabali, erakutsi nion.

Zenbat traje mota jantzi dituzu 50 urte hauetan?

Oargikoa, Napoleonen jantzia zen; beste urte batean suhiltzaileen jantzia ere jantzi genuen. Landetakoekin Oargiko arropa jantzi nuen berriro ere. Orain, berriz, eskoziarren arropekin ateratzen naiz. Guztira hiru traje mota erabili ditut.

Hainbeste urteren ostean, pasadizoren bat izango duzu, ezta?

Behin baino gehiagotan izan ditugu ilaratik galdutakoak; tabernara trago baten bila joan eta gero topatu ezin izan ditugunak. Galtzerdiak goian eusteko eramaten ditugun gomekin ere izan ditugu pasadizoak. Bati baino gehiagori gertatu izan zaio gometako bat ahaztu edo galdu eta galtzerdi bat belaun parean eta bestea orkatilean duela ateratzea.

Zein da bezperako danborradako unerik onena?

Mementorik onena? Hamabietan, herriko plazan, jotzen hasten garenekoa. Memento horretan plazan izaten den errespetua ikaragarria izaten da. Sebastianen martxa jotzen duguneko unea zoragarria da.

Eta unerik zailena edo txarrena?

Enparan kalean, adibidez ,jende gutxiago izaten da ikusten eta lasaiago joaten gara. Taldea ere zertxobait aztoratzen da. Behin kale hori igaro eta Etxe Zuri pare horretan, taldea berriro zuzentzea ikaragarri kostatzen da. Askok ihes egiten dute tabernara eta gero horiek biltzea asko kostatzen da. Toki arriskutsua izaten da hori.

Izarraitz Txoko, 20. taldea

Helduen danborradan talde berri bat aterako da gaur: Errebaleko Izarraitz Txoko Elkartekoen taldea. Txistularien ohorezko jantzia eramango dute

Gaur 900 herritar baino gehiago aterako dira helduen danborradan. Hogei talde, guztira: hemeretzi danbor jotzaileenak eta bat gastadoreena. Horietako bat aurrenengo aldiz irtengo da kalera: Izarraitz Txoko talde berria. Orain dela hiru urte hasi ziren, helduen danborradako taldea osatzeko asmoarekin; «oraintxe dela urte eta erdi inguru, Udalak baiezkoa eman zigun eta aurrera egin genuen» dio Iñigo Agirre Izarraitz Txoko Elkarteko kideak.

Elkartea

Izarraitz Txoko. Elkartea Bustinzuriko Errebalean dago. «Herrian urte gehien duen elkarteetako bat da Izarraitz Txoko; 2008an 75 urte egingo ditu elkarteak», dio Agirrek.

Elkarteko bazkideak. «Elkartea zaharra da eta bazkideen artean adinean alde nabarmena dago. 32-35 urteko bazkideak eta 85 urtekoak ditugu elkartean».

Elkartea danborradan. «Nahiz eta elkarteak hainbeste urte izan, sekula ez da danborradan irteteko asmorik izan. Ni 1985az gero naiz bazkide eta behin ere ez dut ikusi danborradan irteteko intentziorik. Udalak orain dela hiru urte danborradan talde berriak irteteko deia zabaldu zuen eta orduan, urteko batzarrean, bi bazkidek proposamena egin zuten. Hortik, bazkide batzuk lan horri ekin zioten».

Bazkideak danborradan. «Esan beharra dago bazkide gutxik irtengo dugula danborradan, batik bat, adin kontuagatik. 15 bat bazkide izango gara danborradako taldean eta gainontzekoak kanpokoak dira. Baina denok ilusioarekin eta gogoarekin irtengo dugu».

Prestaketak

Taldea prestatzeko. Danborradako talde bat prestatzeko lan asko egin behar dela dio Agirrek: «Elkartean danborradarako batzorde bat osatu genuen eta prozesua luzea izan da, gauza asko hartu behar direlako kontuan. Erabaki gehienak batzarrarenak izan dira».

Entseguak. Gainonentzako taldeekin batera helduen danborradako entseguan parte hartu dute Izarraitz Txoko elkartekoek, Izarraitz pilotalekuan. Baina taldeak berak bakarrik ere hamar egunetan entseguak egin ditu, Aitonenako eraikineko musika akademian. «Taldeko batzuk noiz eta noiz danborradan irten izan dira, beste talderen batean. Baina tartean badaude sekula danborrik jo izan ez dutenak ere. Lau entsegu gutxi zirela eta beste sei egunetan geuk bakarrik entseatu dugu. Entseguek ikasteko balio izan digute, eta baita taldea gorpuzteko ere».

Janzkera

Proposamenak. Danborradako janzkera aukeratzeko hiru proposamenen inguruan eztabaidatu dute Izarraitz Txokon.

Lehenengo proposamena. «Ikuspegi militarrekoa, prusiarrena edo errusiarrena. Donostiako turismoko bulegotik liburu sorta ederra ekarri ziguten».

Bigarrena. «Txistularien ohorezko jantzia».

Hirugarrena. «Diseinu desberdinekoa, hau ere militarra: Caracasko Gipuzkoar konpainiarena».

Txistularien ohorezko jantzia. «Azkenean, bozketaz erabaki genuen zein jantzi aukeratu. Txistularien ohorezko jantzia aukeratu zen danbor jotzaileentzako». Bi-hiru lekutan aurrekontuak eskatu eta udaletxetik txistularien ohorezko jantzi oso bat atera zuten. «Buruko txapela aste honetan heldu zaigu; eredu bat Zaragozan zegoen. Hiru jostuni eskatu genien aurrekontua eta alde nabarmena zegoen; azkenean Donostiako jostun batek egin ditu. Honek, Donostiako danborradako eta Azpeitiko danborradako talde batzuenak ere egin ditu. Jostuna bera etorri zen Azpeitira, neurriak eta hartzera. Jantzia txistularien ohorezkoaren berdin-berdina da, aldaketa bakarrarekin: udaletxekoak Udaleko armarria daramaki eta guk Izarraitz Txokoko irudi bat jarri diogu».

Janzkeraren historiari buruz Garikoitz Mendizabal txistulariaren bidez jakin dute: «XVIII. mendearen hasieran txistuaren munduan izandako aldaketak azaldu zizkigun Mendizabalek. Garai hartan, Peñafloridako konteak, beste batzuen artean, txistuaren munduko hiru atal eraberritu zituzten, batik bat. Batetik, txisturako partiturak gehitu egin zituzten, garai hori arte oso gutxi zeudelako. Bigarrenik, silbotea sortu zuten, eta horrekin, doinu berriak ateratzeko aukera. Eta hirugarrenik, garai horretan protokoloari eta janzkerari ofizialtasun bat eman omen zioten».

Kantinerak. Danbor jotzaileak ohorezko txistulari janzkera eramango dute. Baina kantinerak eta banderadunak desberdina dute jantzia, argiagoa: «Zalantzak izan genituen banderadunari eta bi kantinerei, gurearen berdina jarri edo ez. Azkenean, Donostiako danborradan oinarritu gara eta neskena kolore biziekin egin dugu: gona argiekin eta buruan, bikornioa eraman beharrean, ia zuria dena txapela. Kantinerena jostunak berak egindako proposamena da, batik bat».

Beste elementuak

Danborrak. «Danborrak Tolosan egin ditugu. Larruaren zarata dute, baina material sintetiko berezi batekin eginda daude. Urtarrilean dagoen euri arriskuari begira egin ditugu material sintetikoarekin. Danborrak egin dizkigunak danbolinak ere egiten ditu eta danbolinen oinarria hartuta egin dizkigu danborrak».

Zuzendaria. «Danbor jotzaileen zuzendariaren detailea silbotea da, benetakoa. Txistu txikia jarri beharrean silbotea jarri diogu», dio Agirrek.

Bandera. Elkartean duten armarria bordatu diote danborradako banderari. Ana Mari Agirrek egin du: «Banderako irudia elkartean daukagun armarri bat da, Manolo San Juanek egurrean egindakoa. Armarriari argazki bat atera genion, baina dena kolore batean zegoen. Ana Marik ikusi zuenean, kolorea ematen ahaleginduko zela esan zigun. Armarrian honakoak azaltzen dira: Izarraitz mendia, Xoxote, Loiolako basilika eta Azpeitiko armarria; behean, berriz, pilotaleku bat pilotariekin eta udaletxeko aurrealdea, plazako kioskoa, sokamuturra eta sokamutila. Dena bordatu du, Izarraitz Txokoko betiko amarria. Izugarria da zenbat ukitu dituen banderak»