Udalak atzera bota du Soreasuko garajeen zozketa

Uztarria.eus 2007ko urt. 16a, 13:01

Gaur (asteartea) zen egitekoa zozketa

"Arazo administratiboak" direla medio hartu du erabakia Udalak

Udalak atzera bota du Soreasuko lurpeko garajeak aukeratzeko zozketa. Gaur (asteartea) 17:00etan egitekoa zen zozketa. Udalaren hitzetan, “arazo tekniko eta administratiboak” izan dituztela-eta hartu dute erabakia.

Guztira, 137 garaje, 27 trasteleku eta ezinduentzako 4 aparkaleku jarri ditu salgai Udalak. 51 lagunek egin zuten eskaria. Atzo, astelehena, Azpeitiko Udalak azpeitia.net web orrian argitaratutakoaren harira, 51 eskaritik 39k bete dituzte Udalak zehaztutako baldintzak. “Bertakoen beharrei irtenbidea eman eta espekulazioa ekiditea” izan du helburu Udalak zozketa honen inguruan. Onartutako 39 horien artean zen burutzekoa zozketa. 12 eskaera atzera bota dira, Udalak jarritako baldintzak betetzen ez zituztelako.

Zozketatik kanpo gelditu direnek salatu dutenez, “inork ez die jakinarazi zozketan parte hartzeko aukerarik gabe gelditu zirenik” eta gaineratu dute “ez dela erreklamazioetarako eperik ireki”.

Udalak, esanda bezala, atzera bota du gaurko egitekoa zuen zozketa. Hala ere, 15 bat egunera berriro zozketa egiteko asmoa duela adierazi du eta eskaria eginda duten guztiak jakinaren gainean jarriko dituztela gaineratu du.

Albiste zaharragoak