Antxietan dira dagoeneko Atzegi eta Gureak

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 16a, 11:01

Antxietan inauguratu dituzte Eguneko Zentroa eta etxebizitza tutelatuak (Urola Kostako Hitza)

Antzietako etxebizitza tutelatuak, argazkitan

Antxieta etxea eraberritu egin dute, adimen urritasuna duten eskualdeko pertsonentzako egoitza bihurtuz. Lehen bi solairuetan Gureakek kudeatuko duen Eguneko Zentroa jarri dute eta gainontzeko lauretan, Atzegik kudeatuko dituen lau etxebizitza tutelatuak. Atzo inauguratu zuten Antxieta birgaituta.

Antxieta etxearen jabea Kutxa da eta berak egin ditu eraikin historikoa birgaitzeko lanak. Horretarako milioi bat euro bideratu ditu. Eraikineko altzariak eta ekipamenduak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako departamentuak ordaindu ditu eta Azpeitiko Udalak proiektua babestu du.

Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak esan zuenez, Antxieta etxeko proiektua alde zaharra eraberritzearen baitan sartu dute. «Soreasuko kultur gunea egiten ari gara; Basazabal ere eraberritu nahi dugu; San Agustingo lanak ere hilabete barru hasteko moduan izango dira eta Alberga ere eraberritzekotan gara. Antxieta etxeak bilakaera ezin hobea izan du, eta betebehar berri bati aterabidea emango dio, adimen urriko pertsonen garapenerako eta integraziorako».

Jose Antonio Idoeta Atzegiko lehendakariaren ustez, urritasun intelektuala dutenei zuzendutako zerbitzuen katalogoa «askoz hobea» izango da hemendik aurrera, «Gureakeko Babestutako Tailerrari eta Txolarteri egoitza zerbitzua eta eguneko jardueren zentroa gehitu dizkiogu». Idoetaren esanetan, Antxieta egokitzeko garaian normalizazio eta integrazio irizpideak izan dituzte kontuan.

Antxietan martxan jarritako bi zerbitzuen garrantzia nabarmendu zuen Carlos Etxepare Kutxako lehendakariak ere: «Gure Gizarte Ekintzako jardueran ezintasuna duten pertsonek garrantzia handia dute. Antxieta etxean zerbitzu on bat emango da, eta hemen ibiliko direnen bizi kalitaterako ezin hobea izango da». Helburu bikoitz bat bete dutela ere esan zuen, «Kutxarena den eraikin historiko bati erabilera eman diogu, eta gainera, zerbitzu bat emateko eta garatzeko erabiliko da».

Joxe Joan Gonzalez Txabarri ahaldun ,agusiak Atzegiren lana goraipatu zuen, «aurrelari izaten badakiela erakutsi digu urte askoan, eta gaurkoa horren lekuko besterik ez da».

Irune boo Antxietako etxebizitza tutelatuen arduraduna

"Bakoitzaren autonomia eta nahiak asko errespetatzen ditugu"

Irune Boo (Azpeitia, 1979) izango da Atzegik kudeatuko dituen Antxieta etxeko lau etxebizitza tutelatuen arduradun lanak egingo dituena. Ostegunean sartuko dira lehen bizilagunak Antxieta etxera bizitzera. Atzegiren etxebizitza tutelatuak koordinatzen lehendik esperientzia du Book, Aretxabaletako eta Eibarko etxebizitza tutelatuen ardura ere berak baitu; orain hiru egoitzak koordinatuko ditu.

Antxietan zertan oinarrituko da zure lana?

Nire lana taldea koordinatzea eta jarraipena egitea izango da. Etxeen funtzionamendua ondo doala ikustea, beraien eta bizilagunen bizitza ona dela ziurtatzea da nire egin beharra. Gure printzipioen arabera, etxebizitza hauetan biziko diren pertsonek kalitatezko bizimodua izan behar dute. Orduan, benetan hori betetzen al den ikusi beharko dut nik. Horretarako batzorde bat ere izaten dugu, eta batzordean ere jarraipena egiten da.

Hemengo etxebizitzetan biziko direnak lanera-edo joango dira, ezta?

Normalean Atzegiren etxebizitza tutelatuetan bizi direnak tailerrera joaten dira lanera. Hona bizitzera etorriko direnak ez dira Eguneko Zentrora joango, baina badaude etxebizitza tutelatuetan bizi eta Eguneko Zentrora joaten direnak.

Aste honetan etorriko dira bizilagunak Antxietara, prest?

Antxietan, hamasei pertsonantzako lau etxebizitza daude. Aurten bi etxebizitza irekiko ditugu, beraz zortzi plaza beteko dira. Aste honetan etorriko dira lau lagun eta otsailean beste bi; aurrerago gainontzeko biak etorriko dira. Azpeitiarrak, zestoarrak eta legazpiar bat etorriko dira orain bizitzera. Aurrena bailarako jendearekin betetzen saiatzen gara.

Nola funtzionatuko dute etxebizitza hauek?

Begiraleak izango dituzte bertan, begirale batek beti gaua beraiekin pasatuko du. Asteburuetan eta jai egunetan, berriz, egun osoz begiralea izango dute etxean. Gainera, etxekoandrea egongo da, eta honek janaria prestatu eta garbiketa lanak egingo dizkiete. Gainontzean, beraiek beren bizia egingo dute; bakoitzaren bizitza autonomoa da eta nahiak asko errespetatzen ditugu etxebizitza tutelatuetan. Beraien etxea da eta euren etxean gustura egon behar dute, gu gure etxean bezalaxe.

Antxieta Etxeko inaugurazio ekitaldiarekin eta azpiegiturekin argazki bilduma osatu dugu.