Joxe Takolo Beka irekita dago

Uztarria 2007ko urt. 11a, 13:01

Mendiko proiektuak lagunduko ditu

Irabazleak 4.200 euroko dirulaguntza jasoko du

Aurten ere Azpeitiko Udalak abian jarri du Joxe Takolo Beka. “Goi-mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta orijinaltasunezko proiektuak bultzatzea” du helburu bekak eta bertara proiektuak aurkezteko epea martxoaren 1ean hasi eta martxoaren 31n amaituko da.

Bekaren irabazleak 4.200 eurotako saria jasoko du proposatu duen mendi proiektua aurrera atera ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Azpeitiko Udalak finantzatuko du kopuru hori.

Hainbat irizpide

Azpeitiko Udalaren erregistroan egin dezake eskaria mendi proiekturen bat duen Euskal Herriko mendizale, mendi elkarte, edota bestelako elkarte eta taldeek. Eskari hori egiteko epea, martxoaren 1ean hasiko da eta 31an amaitu. Eskari orriarekin batera, proiektua egin asmo duten partaideen datuak, proiektua idatziz eta haren aurrekontua aurkeztu beharko dira Azpeitiko udaletxean. Behin proiektuak jasota, Batzorde Teknikoak honako irizpideak hartuko ditu kontuan, besteak beste: jardueraren kalitatea, aurkezten den taldearen ibilbidea, partaideen kopurua eta jardueraren iraupena eta zabalkundea, finantziazioa, kirol eta gizarte-mailan jarduera horrek duen interesa. Batzorde Teknikoak, hala ere, bekaren deialdia hutsik utzi dezake, proiektuen kalitatea nahikoa ez dela ikusiz gero.

Aurreko urteetako irabazleak

  • Pumori (2001)
  • Nanga Parbat (2002)
  • Elurretako Leopardoa (2003)
  • Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraiño? 8c-aren kateraino (2004)