Errege Magoak trenean etorriko dira Tren Museora

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 4a, 10:01

Bihar, 18:00etan, Museoan haurrei harrera egin eta autoz igerileku aurrera joango dira, handik kalejira hasteko Urola Kostako Hitza

Olentzero etorri zen bezalaxe, Errege Magoak ere berrikuntzekin datoz oraingo honetan. Olentzerok herriko ikastetxe guztietako ikasleek lagunduta kalejira egin zuen, abenduaren 24 eguerdian. Orain, berriz, Errege Magoak trenean etorriko dira Azpeitira. Bihar, 18:00etan, helduko dira Trenaren Museora.

Trenaren Museoan haurrek egingo diete harrera erregeei eta ondoren, igerileku aurrera joango dira, autoz. Igerileku aurretik urtero egin ohi duten ibilbidea egingo dute, 19:00-etan irtenda.

Erregeekin kalejiran Juan Antxieta Musika Eskolako, Urola Ikastolako eta Iraurgi ikastetxeko ikasleek parte hartuko dute. Sanjuandegitik Betharramdarretara joango dira, handik pasatu eta Hartzubira joateko. Gero, Aranetik Errebaletik jaitsita, Enparan, Erdi kalea, Eliz kalea eta Santiago kalea zeharkatuko dituzte. Kalejirari bukaera San Martin egoitzara egindako bisitarekin emango diote.

Erregeekin batera kalejiran parte hartuko duten guztiak 20:00ak aldera iritsiko dira herriko plazara eta orduan, erregeak udaletxeko balkoira igoko dira.

Baina erregeak etorri aurretik, haien laguntzaileen bisita izango da herrian, urtero ohi bezalaxe. Aitonenako zuzendaritzako taldeak antolatuta, Gasparren, Meltxorren eta Baltasarren laguntzaileak etorriko dira gaur, 17:30ean, plazara. Udaletxe azpian egongo dira haurren eskariak eta gutunak jasotzen.