Gose greban daudenei atxikimendua adierazi diete

Uztarria 2006ko abe. 28a, 16:12
Gaur goizeko prentsaurrekoan Jokin Uranga bertsolariak hitz egin du.

Bederatzi azpeitiarren, ELA eta LAB sindikatuen eta Aralar eta Batasunaren atxikimendua jaso dute gose greban daudenek

Datozen egunotan egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia egin dute

Asteartetik (hilak 26) euskal preso politikoen egoera salatzeko, gose greba egiten ari dira Sindikatu Zaharrean.

Grebalariei atxikimendua adierazteko, eskualde osoko 32 pertsonai ezagunek, horietatik bederatzi azpeitiarrak, ELA eta LAB sindikatuek, eta Aralar eta Batasuna alderdiek atxikimendua adierazi nahi izan diete. Horretarako, gaur goizean prentsaurrekoa izan da Aitonenan. Bertan, Jokin Uranga bertsolariak denen izenean hartu du hitza. "Euskal Herriak Espainiar eta Frantziar estatuekin duen gatazka politikoa konponbidean jartzeko aukera berriak direnean, espainiar eta frantziar estatuek euskal preso politikoen kolektiboaren aurkako erasoaldi bortitza jarri izana indarrean herritar asko harritu ditu" azaldu du Urangak.

Urola Kostako 14 preso espetxean daudela gogoratu dute gaurko prentsaurrekoan. "Preso horietatik lauk ezarritako zigorraren hiru laurdenak beteta dituzte: Juan Karlos Arruti Paterra azpetiarrak, Juan Mari Igarataundi zestoarrak, Joxe Mari Perez Txuri zarauztarrak eta Maritxu Uzkundun errezildarrak. Kalean egon beharko lukete gure artean".

Atxikimendua adierazi dutenek egoera politikoetatik aparte preso politikoen eskubideak errespetatuak izan behar direla uste dute, "eskubideak direlako". Horregatik, gose greba honekin egiten dituzten eskariak zein diren azaldu dituzte: "preso gaixoak kaleratzea, zigorra bete duten presoak kaleratzea eta euskal presoak, eskubide guztien jabe Euskal Herriratuak izan daitezela".

Gose grebari igandean, abenduaren 31ean, emango diote amaiera Azpeitiko plazan 13:00etan egingo den elkarretaratzearekin. Gose greba ibiltariak aurrera jarraituko du Euskal Herriko beste eskualde batera, Uribe kostara hain zuzen ere. Bien bitartean, eskualdean egingo diren ekimen ezberdinetan parte hartzeko gonbita luzatu dute.

Atxikimendua eman dutenen azpeitiarren zerrenda

-Gorka Karapeto (eskalatzailea).
-Jokin Uranga (bertsolaria).
-Xebastian Lizaso (bertsoalria).
-Mikel Aranburu (Realeko futbolaria).
-Mikel Labaka (Realeko futbolaria).
-Jose Luis Otamendi (idazlea).
-Koldo Aldalur (kazetaria).
-Joseba Albizu (txirrindularia).
-Leire Agirre (eskalatzailea).

Egitaraua

Abenduak 28, osteguna
Patxi Aristi, preso zumaiarrak, 15 urte betetzen ditu espetxean. Topas-eko espetxera irteera egingo dute. Mikel LarraƱaga, preso zarauztarrak, urte bete egingo du espetxean. Elkarretaratzea izango da 19:00etatik 20:00etara, Zarauzko Musika plazan.

Abenduak 29, ostirala
19:00. Maindiren ilara saihesbideko biribilgunean, hileko azken ostiralero bezala.

Abenduak 30, larunbata
Martutenera martxa. 11:00etan Egiako bake epaitegian. Autobusetarako zerrendak herri guztietan.

Abenduak 31, igandea
Gose grebaren amaiera. Elkarretaratzea Azpeitiko plazan 13:00etan.