Zabaletxe eta Zapatari artean saihesbidea egiteko lurjabeekin hitzarmena egitea onartu du Udalak

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 23a, 13:12

EAJ, EA, PSE-EE eta PPk alde bozkatu dute eta Habeak kontra

Datorren astean, saihesbidearen lehen faseko lanak esleituko ditu Foru Aldundiak (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko saihesbidearen lehen zatia Zabaletxe eta Zapatari artean egingo dute. Larreko lurjabeekin hitzarmena eginda dute, eta orain, berriz, Larrineko lurjabeekin hitzarmena egitea onartu zuten udalbatzarrean. EAJ, EA, PSE-EE eta PP alderdiek alde bozkatu zuten eta Habea, berriz, aurka agertu zen. Udalbatzarrean azaldu zutenez, datorren astean saihesbidearen lehen zatia egiteko lanak emango ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. “Gure borondatea, Larren bezalaxe Larrinen ere lehenbailehen obrak hastea da”, azaldu zuen EAJko Julian Eizmendi alkateak.

EAko Manuel Unanue zinegotziak beraien botoaren berri eman zuen: “Guk onartu dugu hitzarmena egitea, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak Larreko lurjabeei eman dien tratu berdina Larrinekoei ematea eskatzen dugu. Zati batean erabili diren irizpideak bestean ere erabiltzea eskatzen dugu. Logikoena hori litzateke eta horrela izatea nahi dugu”.

Alkatearen esanetan, batean zein bestean “baldintza berdinak” erabiliko dira, baina bi zatietako egoera ez da berdina: “Larre eta Larrinen artean desberdintasun bat dago. Larrinen aurretik errepidea nondik joango den aurreikusita dago, baina Larren errepidea nondik joango den zehaztu aurretik antolaketa eginda zegoen eta berrantolatu egin behar izan da. Bi lur zatietako egoerak oso desberdinak dira, baina zalantzarik ez izan bi kasuetan baldintzak berdinak izango direla”.

Habeak erabakiaren kontrako iritzia eman zuen udalbatzarrean. Habeako Miren Odriozolaren esanetan, “gu saihesbide hori egitearen aurka gaude, beraz hitzarmen hau egiteko ere ez gaude ados”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu aurretik, Udalean onartzen ari zirela ere aipatu zuten Habeakoek. Aipamen horren inguruan, alkateak hainbat zehaztasun eman zituen: “Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak nork egin aukeratu eta eman aurretik, Udalak hitzarmena eginda eta zatikako arauak onartuta izan behar ditu”.