Arau Osagarriak eta birkalifikazioak

Jabier Altuna (Azpeitiko Udaleko EAJ/PNV taldearen izenean) 2006ko abe. 22a, 13:12

Jabier Altunak "Behin-behinekoz onartu dituzte arau ordezkatzaileak" albistean Odriozola delako batek idatziriko artikuluari erantzun nahi izan dio

Arau Osagarri berrietan datozen 8 urtetan 1.275 etxe berri eraikitzea aurreikusten da (Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak planteatzen duten gutxienaren eta gehienaren tartean). Hektarea eta erdi eskas bakarrik birkalifikatu da; aurreikusitako etxe kopurutik (1.275), 99 bakarrik dira birkalifikatutako lurretan eraikiko liratekeenak (guztiaren %7,7).

Arau Osagarri berriak, geure ustetan, eredu iraunkorrean edo sosteniblean oinarritzen dira, honako hiru irizpide nagusi jarraituz:

1) Lur berriak birkalifikatu aurretik, dagoeneko kalifikatuta zeuden lurrak (Izarra, San Migel) ondo aprobetxatu eta erregenerazioak bultzatu (Soreasu-Madalena, Agirre-Jaka, Alde Zaharra).

Birkalifikatu diren eremu bakarrak hauek dira:

- Madalenako harrobian 39 etxe aurreikusten dira. Hein handi batean, Soreasu-Madalena eremuaren erregenerazioa osatuko luke (datorren agintaldiko erronka garrantzitsua); bertan dagoen hormigonera kenduko litzateke dagoen kamioi trafikoa %75 batean murriztuz.

39 etxe horietatik, %40 babestuak, (8 V.P.O. edo Babes Ofizialeko etxebizitzak, 8 tasatuak) eta %60 libreak (23).

- Txorietxen, Urrestillan, 60 etxe eraikiko lirateke, %75 babestuak (33 Babes Ofizialekoak,12 tasatuak) eta %25 li-break (15). Urrestillako hazkunde nagusia hor izango litzateke, erdigunean, ibaia eta saihesbidearen artean.


2) Modeloak ezinbestez orekatua izan behar du sosteniblea izateko. Eraikiko diren etxe guztietatik, %51 babestuak (%35 Babes Ofizialekoak, %16 tasatuak) eta %49 libreak.

3) Etorkizuna ez hipotekatzea. Kalifikatutako lurretan nahiko etxebizitza ateratzen zaizkigu, ez daukagu lur gehiago kalifikatu beharrik. Hemendik 8 urtetara agintean daudenek erabakiko dute norantz hazi behar duen herriak.

Azpeitiko EAJ/PNV-k aipatutako irizpideak jarraituta burutu ditu Arau Osagarriak, eta bide horretatik jarraituko du.