Euskal prentsan harpidetzak egitea sustatuz, Kontseiluak kanpaina berria aurkeztu du

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 22a, 12:12
Itxaso Ferresa eta IƱaki Lasak aurkeztu dute Kontseiluaren konpromezu kanpaina berria.

Kontseiluak Euskal prentsako harpidetza bat kanpaina aurkeztu du

Euskaraz argitaratzen diren komunikabideek euskararen normalkuntza prozesuan ezinbesteko papera betetzen dutela aldarrikatu nahi dute (Urola Kostako Hitza)

Kontseiluak Euskal prentsako harpidetza bat egingo dut kanpaina aurkeztu du. Kanpaina honekin, Kontseiluak herritar guztiei euskarazko prentsan harpidetza bat egitea eskatu die, eta konpromisoa errazago hartu ahal izateko asmoz, euskarazko idatzizko hedabideak biltzen dituen liburuxka bat kaleratu du.

Kontseiluak euskara sustatzeko norbanakoen hiru konpromiso aurkezten ditu urtero eta euskal prentsaren harpidetzarena urteko hirugarrena da. Lehena telefonoa euskaratzeko deia izan zen, eta bigarrena, berriz, propaganda euskaraz eskatzearena.

Euskararen normalkuntza prozesuan, euskal prentsaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute kontseilutik: "Hizkuntzaren normalizazioan, esku artean ditugun irakurgaiek berebiziko garrantzia dute geure ohituretan eta baita hizkuntzaren transmisioan ere".

Nahiz eta aurkeztu duten kanpainaren helburua herritarren konpromisoa lortzea den, elkarteei, ostatuei eta saltokiei ere dei egiten die Kontseiluak. Bezeroei eta bazkideei eskaintzen zaizkien irakurgaietan euskarazkoak egotea eskatzen du Kontseiluak euskararekiko konpromisoaren adierazle moduan. Adibide moduan, medikuen edo abokatuen bulegoak jarri ditu Kontseiluak. Bezeroak zain dauden bitartean, argitalpen bat euskaraz irakurtzeko aukera izatea da helburua.

Kontseiluko kideen ustetan, euskarazko hedabideek "kalitate handia" dute eta irakurle bakoitzaren "gustuak asetzeko gai dira". Argitalpenen izaeraren arabera sailkatu ditu Kontseiluak liburuxkan sartu dituen argitalpenak. Atalik handiena herri aldizkariei eskaini dietena. Bertan Euskal Herriko herri aldizkari gehienak sartu dituzte, eta Uztarria herri aldizkaria ere barnean dago.

Kontseiluak herrietako eta eskualdeko informazioa jorratzen duten hedabideen lana goraipatu nahi izan du. "Informazioaren garai honetan, herri aldizkariek gertuko informazioa hurbiltzen digute etxera inongo aldizkarik ez bezala".

Kontseiluko kideek Gabon garaia aukeratu dute euskarazko harpidetzen kanpaina aurkezteko. Opari asko egiten da egunotan, eta euskarazko hedabideetako harpidetza oparitzeko "aukera paregabea" izan daitekeela uste dute.