Santotomasetako feria, txorizoa eta ogia

Uztarria 2006ko abe. 20a, 16:12
Herriko plaza jendez beteko da bihar, urtero bezala.

Egun osoan festa giroaz gozatzeko aukera izango da bihar

Plazako postuetan txorizo, talo eta ogitartekoez gain, ez dira kirola, bertsoak eta musika faltako (Urola Kostako Hitza)

Bihar, abenduaren 21ean, santotomasak ospatuko dira herrian eta ez da faltako ez txorizo, ez ogi, ez talo eta ezta ardorik ere. Herriko ikastolak, ikastetxeek eta elkarteek postuak jarriko dituzte goizean goizetik, plazan. Postua muntatu eta martxan jartzeko lanak goizeko 07:00ak alderako hasiko dituzte. Azoka plazan, berriz, baserriko produktuen azoka antolatuko dute eguerdi artean.

Janari eta edariez gain, ez dira kirola, bertsoak, musika eta dantzariak faltako. Eguerdian herri kirol jaialdia izango da plazan: bertan aizkolariak eta harri-jasotzaileak ariko dira. "Herri kirol jaialdian urtero zerbait desberdina eskaini nahi izaten dugu eta aurten Miren Urkiola harri-jasotzailea etorriko da. Irigoienek eta Goenatxok ere jardungo dute", dio Mikel Ibartzabal Udaleko Festa batzordeburuak. Herri kiroletakoak euren lanean ariko diren bitartean, plazako kioskoan bertsolariak ariko dira. Aurten, Amets Arzalluz, Aitor Mendiluze, Jokin Uranga eta Beñat Lizaso ariko dira Xebastian Lizasoren agindutara bertsotan.

Pilota partidak ikusteko ere aukera paregabea izango da bihar, Santo Tomas egunez. 10:30etik eguerdia bitartean Santo Tomasetako Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariek, Frontoi Txikian.

Pilota partidak 22:30ean

Iluntzean, berriz, pilotari profesionalen txanda izango da Izarraitz pilotalekuan. Aurten, arratsaldeko 17:00etan izan beharrean, 22:30ean izango dira norgehiagokak. Pilotazaleen eskariari kasu egitea erabaki du Udalak. "Aurten Santo Tomas eguna osteguna da; ostegun arratsaldetan Galarretan erremonteko partidak izan ohi dira, eta han pilotazale asko elkartzen denez, pilotazaleek partida iluntzera pasatzeko eskatu ziguten. Gainera, Santo Tomas egunean berandu bazkaltzen du jendeak, eta dantzariak ere izaten dira arratsaldean plazan. Beraz, jendearen eskariari erantzunez partidak iluntzean jartzea erabaki dugu", dio Kandido Mitxelena Udaleko Kirol batzordeburuak.

Egitaraua:

09:30. Frontoi Txikian, eskuzko pilota txapelkata partida finalak. Benjamin, alebinak, iinfantilak, jubenil aurrekoak eta jubenilak.
-Benjamin aurrekoak, bigarren maila: Iriarte-Beristain.
-Benjamin aurrekoak, lehen maila: Alberdi-Iriondo.
-Benjaminak: Merketegi-Aizpuru eta Martinez-Aizpuru.
-Alebinak: Martinez-Azkue eta Astigarraga-Zibizarreta.
-Kadeteak: Aizpuru-Galarraga eta Landa-Zialzeta.
09:30. XXIV. Argazki Lehiaketa Santo Tomas 2006, Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta.
10:00. Izarraitz Txistulari Taldearen kalejira.
11:00. Udal Musika Bandaren eta Elziegoko gaita jotzaileen kalejira.
11:30. Itsasiko Ttuntturroen eta Musika Eskolako soinujoleen kalejira.
12:00. XXIV. Antzerki Topaketetako Sari Banaketa ospatuko da Udal Areto Nagusian.
12:00. Udazkeneko azoka berezia. Goiz osoan zehar Azoka Plazan izango da erakusketa hau.
12:30. Aizkolari eta harrijasotzaileak:
12:30. Plazako kioskoan bertsolariak:
-Amets Arzalluz
-Aitor Mendiluze
-Jokin Uranga
-Beñat Lizaso
-Aurkezlea: Sebastian Lizaso

15:30. Erraldoiak, buruhandiak eta dultzaina jotzaileen kalejira.
18:00. Dantza sueltoko txapelketa plazan.
21:00. Trikitilarien kalejira. Saioa eta Alabier, eta Laja eta Izar.
22:30. Izarraitz frontoian profesionalen arteko pilota partidak. Mendizabal I-Rai, Arbizu-Eskuderoren kontra; Unanue-Beloki, Bengoetxea VI.a-Zearraren kontra.