Abrasivos Hermes S.A. enpresako langileek greba mugagabea hasi dute

Uztarria 2006ko abe. 11a, 17:12
Hermeseko langileek goizean egin dute greban.

"Soldata duin batzuen alde borrokatzeko" langileek greba mugagabeari ekin diote eta egunero elkarretaratzeak egingo dituzte lantegi atarian

Enpresako zuzendaritza "lagileekin hitz egin eta akordiora heltzeko prest" agertu da (Urola Kostako Hitza)

Abrasivos Hermes S.A. enpresako langileek greba mugagabea hasi dute gaur. Enpresa honek 20 langile ditu, horietatik bost zuzendaritzako kideak dira. ELA sindikatukoen esanetan, "enpresa honetako langileei altzarigintzako lan hitzarmena ezartzen zaie, hitzarmen hori 2000. urtetik berritu gabe dago. Egoera horretaz baliatuta, enpresa zuzendaritzak azken urteetan KPItik oso gertu dauden igoera hutsalak ezarri ditu; hitzarmenak onartzen duen flexibilitatea handitu du eta ia ez da ordu murrizketarik egon. Beti ere, baldintza horiek onartzen ez baziren langileren bat botako zuten mehatxupean".

Aurtengo negoziaketei eutsi aurretik enpresako zuzendaritzak "bere hitza hautsi" duela diote, "eta produkziorako makina berri bat ekarri orduko langile bat kanporatu du. Dagoeneko urtea bukatzear da eta zuzendaritzak oraindik ez ditu langileen eskakizunak aintzat hartu". Hori dela eta, langileek greba mugagabeari ekin diote eta egunero elkarretaratzeak egingo dituzte lantegi atarian "soldata duin batzuen alde borrokan hasteko".

Enpresako zuzendaritzak adierazi duenez, "langileekin hitz egin eta akordiora heltzeko prest" daude: "Gure sektoreak ez du konbeniorik, azkena 2000. urtean egin zen. Hori dela eta, azken bost urtetan enpresa hitzarmenak egin ditugu langileekin. Aurten ere enpresa hitzarmena lortzeko ahaleginean ari ginen langileekin eta horretako bilerak egin ditugu eta egingo ditugu. Gu prest gaude langileekin hitz egiteko eta biltzeko akordio bat lortu arte".