"Hizkeragatik azpeitiarrak ziren"

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 11a, 17:12
Gorputz guztian ditu markak erasotuak.

Ostegunean Orion San Nikolas jaietan iskanbila handia sortu zen, eta gizonezko bat zauritu egin zuten

Erasotzaileak azpeitiarrak izan direla diote (Urola Kostako Hitza)

Orioko San Nikolas jaietan murgiltzeko asmoz, jende ugari joan da egunotan Oriora. Gauez, kaleak eta tabernak jendez beteta egon dira, eta iskanbila bat baino gehiago sortu dute herrian. Ika-mika hauetan hainbat lagun zauritu dute, gorputzean kalteak eraginda.

Ondorio larriak jasan behar izan dituenetako bat A. A. S. M. izan da. Ostegun gauean (hilak 7) izan ziren gertakariak, Txistulari kaleko Kalakari tabernaren inguruan. Ertzaintzan jarri duen salaketak dioenez, "tabernatik irtetea erabaki zuen aire pixka bat hartzeko. Atean zegoela, mutil bat liskar giroan hasi zitzaion hizketan". Euskaraz ari zitzaion, eta erasotuak ez dakienez, ez zion ulertu. "Lepotik heldu" zion mutilak, eta erasotuak ere "berdin egin zuen erasotzailearekin".

Memento hartan, lauzpabost gizonezkok "inguratu" zuten. Inguruan zebiltzanek diotenez, "hizkeragatik azpeitiarrak zirela nabaritzen" zitzaien. "Eskuineko oina modu gogorrean zapaldu zioten eta lurrera erori zen", salaketak dioenez. Horrez gain, "buruaren atzealdean botila batekin jo zuten, eta orduz geroztik, buruan eta aurpegian ostikoka jardun ziotela bakarrik gogoratzen du". Bere lagunak ez ziren lekuko izan.

Jaso zuen erasoaren ondorioak ikusita, ospitalera eraman zuten. Larrialdietan egindako txostenaren arabera, sudurreko hezurra hautsi zioten, orkatila eta eskua bihurrituta ditu, eta buruan eta kopetean zauriak dauzka.

"Neonazi estetika"

.A. A. S. M. erasotuak Ertzaintzan jarritako salaketak erasotzaileen xehetasunak ere jasotzen ditu, eta "neonazi estetika" zutela aipatzen da, bota militarrak zituztela zehaztuz. Hasieran liskarrean hasi zitzaiona 20-25 urte arteko mutil gaztea zela ere adierazten du.

Salaketan aipatutako estetika hori skin estetika bezala ezagunagoa da. Bota militarrez gain, ilea motz-motz moztuta, eta bomber jakekin ibili ohi dira. Dena den, estetika honen baitan mota askotako taldeak daude, eta aldarrikapen desberdinak egin ohi dituzte. Orain arte, Euskal Herrian gehien zabaldutakoak sharp joerakoak izan dira (Skin Heads Agains Racial Prejudice, arrazakeriaren aurkako kaskamotzak). Skin-sharpek izaera ezkertiarra agertu izan dute; skin neonaziek, eskuinekoa.

Azken aldian, herrietako gazteen artean asko ugaritu da skin estetika.