Gabonetako gazteen ekitaldietan izena emateko epea zabalik

Urola Kostako HItza 2006ko abe. 11a, 17:12

Gabonetako oporraldirako hainbat ekitaldi antolatu dute Zapo Txoko gaztelekuan eta herriko bi ludoteketan

Izarraitz pilotalekuan, Haur eta Gazteen Gabon Parkea jarriko dute abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra.(Urola Kostako Hitza)

Urtero bezalaxe, aurten ere gabonetako oporretarako haur eta gazteentzako hainbat ekitaldi antolatu dute Udaleko Gazteria sailak eta merkatarien elkarteek. Zenbait ekitalditan parte-hartzeko izena emateko epea ere irekita dago: Zapo Txoko gaztelekutik antolatutako ekitaldietan asteazkena arte eman daiteke izena, eta Iturritxiki eta Txiki Txoko ludoteketakoetan, ostirala arte.

Ludotekek, gabonetako ekitaldiak hilaren 26tik 29ra, eta urtarrilaren 2tik 4ra antolatu dituzte. Denak goizez izango dira, 10:00etatik 13:00etara. Salbuespena, hilaren 28an Donostiako Txuri Urdinera egingo duten irteera izango da.

Ludoteketako ekitaldi guztietan parte-hartzeko bazkideek 12 euro ordaindu behar dute eta gainontzekoek, berriz, 15 euro.

Euskadi-Serbia ikustera

Zapo Txoko gaztelekukoek, berriz, hilaren 27an Bilbon jokatuko den Euskadi-Serbia futbol partida ikustera joateko ibilaldia antolatu dute. Irteera Zapo Txokotik 18:00etan izango da eta itzulera 00:00etan. Ekitaldian parte hartu nahi duenak 20 euro ordaindu beharko ditu.

Hori ez da, ordea, Gabonetarako antolatu duten irteera bakarra. Hilaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra ekintza bereziak antolatu dituzte. Ohiko ordutegia 17:00etatik 20:30era izango da. Eta ordutegi berezia duten ekintzen kasuan aurretik jakinaraziko dute.

Gabon Parkea

Izarraitz pilotalekuan, berriz, Haur eta Gazteen Gabon Parkea jarriko dute hilaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 4ra. Parkeko ateak 16:00etan irekiko dituzte, 20:00etan itxiz. Bi euro ordaindu beharko dira sarrera, eta bertan, begirale bat izango da puzgarri bakoitzean, txandak betetzen direla zaintzeko.

.9 eta 12 urte bitartekoentzat zezen mekanikoa eta ohe elastikoak izango dira. 6 eta 9 urtekoentzat presio askotako mendia eta balea, eta 0 eta 5 urtekoentzat pailazo, dordoka eta gaztelu itxurako puzgarriak izango dira, psikomotrizatea lantzeko materialarekin. Gurasoentzat, berriz, taberna irekiko dute Gabon Parkean.