Erditze bakarrean sei antxume

Uztarria 2006ko abe. 8a, 11:12

Urrestillako Altuna Erdikoa baserrian gertatu da

Ez da ohikoa ahuntz batek sei kume izatea

Astelehenetik (abenduak 4), sei gehiago dira Urrestillako Altuna Erdikoa edo Txandrame baserrian. Astelehenera arte 12 ahuntz zituzten etxe ondoan duten ikuiluan, baina astelehen iluntzean ahuntz batek sei antxume erditu zituen, "erraz jaio ziren antxumeak", azaltzen du Felipe Iturzaeta Altuna baserrikoak eta ahuntzen jabeak. Etxekoek lau antxume jaiotzen ikusi zituzten, baina gehiago espero ez eta ikuilutik etxera joan ziren, afaltzera. "Gero, afaltzetik bueltan, ezin nuen sinetsi sei antxume zeudenik ikuiluan. Behin eta berriro kontatu behar izan nituen, eta hala ere deskuidatu egin nintzela uste nuen. Azkenean banan bana kontatu eta beste aldera bota behar izan nituen sei zeudela sinesteko", azaldu du Iturzaetak. Ahuntzainaren esanetan, normalean erditze bakoitzean bi antxume jaiotzen dira. "Hiru ere bai tarteka, eta gehien-gehienez lau. Nik neuk inoiz ez dut ikusi erditze bakarrean sei antxume jaiotzen. Lau ikusi izan ditut, baina sei inoiz ez!". Ahuntzak sei ume "erraz" ekarri zituen, baina ez da hain erraza orain haiei jaten ematea: "Antxumeak ekarri bai, baina orain denentzat adina esne ez du amak". Orain haztea zailagoa izango da Altuna Erdiko baserritarren ustez.