San Eloi jaiak agurtu dituzte Landetan

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 5a, 15:12
Landetako Jai Batzordeak Joxe Lizaso bertsolariari omenaldia egin zioten igandean.

Igandean ospatu zuten festetako egun handia eta jende ugari elkartu zen

Landetako festeteko argazkiekin bilduma egin dugu (Urola Kostako Hitza)

Hiru egunez Landeta festa giroan murgildu duten San Eloi jaiak bukatu dira. Larunbat iluntzeko bertso afariak gustura utzi zituen auzotarrak, "giro ederra jarri baitzuten Colinak eta Irazuk", jai batzordekoen arabera.

Igandean egun osoan zehar ospatu zuten festa. Eguerdian auzoko hildakoen aldeko meza egin zuten. Ondoren, auzora etorrita, Goenatxo II.a eta III.a aritu ziren harriak jasotzen. Aitak, 200 eta 150 kilokoekin erakustaldia egin zuen. Semeak, berriz, bi minututan hamar aldiz jaso zuen 65 kiloko zilindroa. Eta ondoren, 55 kiloko koadrokoa hartu eta hamar aldiz eraman zuen sorbaldara. Aizkolarien txanda etorri zen gero. OtaƱo eta Otaegi aritu ziren aizkoran, bildutako jendearen ikusmina piztuz.

Musikak eta bertsoek ere izan zuten tartea Landetan. Bertako soinu jotzaile gazteek trikiti doinuekin alaitu zuten auzoa. Joxe Lizaso eta Joxe Luis Gorrotxategi bertsolariek ere saioa egin zuten eta lehenak ezusteko handia jaso zuen auzotarrek egindako omenaldiarekin. Txapela eta oroigarria eman zioten Lizasori eta honek auzotarrei eskertu zien, "espero ez" zuen omenaldia egiteagatik eta "horrenbeste maite" dutela erakustegatik.

Auzoko haurrek jolasean aritzeko aukera izan zuten, sokatiran eta lokotx biltzen.

Festarekin bukatzeko, Auzoko Zaharren lagunarteko bazkaria egin zuten Arroita elkartean. Jaione eta Jon soinu jotzaileek alaitu zuten bazkalostea, baita Joxe Lizaso eta Joxe Luis Gorrotxategi bertsolariek ere, festa giroari bertso egokiak jarriz.