Hirugarren urtez Saioa Imazek egingo du sansebastianetako karroza

Uztarria 2006ko abe. 4a, 17:12
Saioa Imaz.

Bi proiektu aurkeztu dituzte 2007ko sansebastianetako Karroza Lehiaketara

Imazek 1.202 euroko diru saria jasoko du

Hirugarren urtez jarraian San Sebastian eguneko haurren danborradarekin batera aterako den karroza Saioa Imaz azpeitiarrak diseinatutakoa izango da. Hori izan da 2007ko Sansebastianetako Karroza Lehiaketako epaimahaiaren erabakia. Lan hori egiteko 7.800 euroko aurrekontua izango du Imazek.

Karroza lehiaketara aurreproiektuak aurkezteko epea pasatu den ostegunean, azaroaren 30ean, bukatu zen. Aurten, bi proiektu aurkeztu dira, eta epaimahaik Saioa Imazen proiektua aurkeratu du. Imazek 1.202 euroko diru saria jasoko du. Saioa Imazek badu esperientzia lan honetan. Izan ere, 2005eko eta 2006ko karrozak berak diseinatutakoak izan ziren.

Urtarrilean 50 urte beteko dira Azpeitian aurrenekoz danborrada egin zenetik. Eta hori izango da 2007ko karrozaren gaia Azpeitiko danborradaren 50. urteurrena.

Saioa Imaz azaroan hasi zen karrozaren diseinua egiten. "Lan bat aurretik eginda dago, beraz, orain horri heldu behar zaio" dio. Karroza egiteko, 7.800 euroko aurrekontua jarri du Udalak. "Erropak prestatzeko jostunetik lehenbailehen hitz egingo dut eta karrozarekin urte hasieran hasiko gara" dio Imazek. "Karrozan danborradako elementu guztiak azalduko dira".